Dantza eta kirola izan ziren jaiak agurtzeko Aldaban

Sutarri taldeko dantzariak Aldabako emanaldian. /  YARZA
Sutarri taldeko dantzariak Aldabako emanaldian. / YARZA

Herritar ugari gerturatu ziren dantzari gazteen saiora eta gogoz txalotu zuten egindako lana

YARZA ALDABA.

San Migel jaien amaiera jendetsua izan zen Aldaban Alegiako Sutarri dantza talderen emanaldiarekin eta herri kirol saioarekin. Goizean herritar ugari gerturatu ziren dantzari gazteen saiora eta gogoz txalotu zuten egindako lana. Ondoren herri bazkaria izan zen eta arratsaldean Asier Pellejero eta Luis Txapartegi aizkolarien eta Joseba Esnaola harri jasotzailearen herri kirol saioa izan zen.

Esnaolak 113 kiloko kopari 14 jasoaldi eman zizkion saioari hasiera emateko. Jarraian, Pellejero eta Txapartegik kanaerdikoa nor baino nor kolpe gutxiagotan mozten saiatu ziren. Proba berdindua izan zen, Pellejerok 44 kolpe behar izan zituen eta Txapartegik 45 kolpetan moztu zuen. Segidan Esnaolak 180 kiloko errektangularra jaso zuen eta amaitzeko 140 kiloko zilindroari hiru jasoaldi eman zizkion esku bakarrarekin.

Pellejerok eta Txapartegik bost enbor moztu behar izan zituzten saioari amaiera emateko. Honetan ere, berdintasuna izan zen nagusi, nahiz eta azkenean Txapartegik lortu garaipena 14 minutu eta 31 segundotan, Pellejerok baino bost segundo gutxiago.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos