Danborradarekin jarraituko dute bihar Irurako jaiek

Arratsaldeko 18:30ean herritarrek danborrada joko dute erdialdean

NÚÑEZ IRURA.

Irurako San Migel jaiek bigarren asteburuarekin jarraituko dute bihartik, ostegunetik, aurrera. Arratsaldeko 18:30ean herritarrek danborrada joko dute San Migel plazatik Agustinea plazaraino. Ondoren, txistorra-jatea izango da Share elkartean.

Ostiralean, San Migel egunean, goizeko 9:00etan diana joko dute herriko txistulariek. 11:00etan Meza Nagusia izango da eta jarraian Irurako dantzariek emanaldia eskainiko dute. Amaieran, herri-hamaiketakoa eskainiko da plazan bertan eta Gazte Alaiak elkartean. Arratsaldean, 17:30etik aurrera 'Txapela buruan eta dantza munduan' haurrentzako ikuskizuna izango da plazan Eidabe taldearen eskutik. Ondoren, 19:00etan Loatzo musika eskolako bandak eta Eguzki goxo abesbatzak emanaldia eskainiko dute. Afalondoren, 22:30ean, play-back jaialdia ospatuko da.

Larunbatean, hilaren 30ean, 11:30ean xare partiduak jokatuko dituzte Ametsa pilota elkarteko pilotariek. Joxi Lopetegik eta Eki Apeztegiak Xabier Santanoren eta Julen Apeztegiaren aurka jokatuko dute. Ondoren, 12:30ean joko tradizionalak antolatuko dira adin guztietako herritarrentzako plazan eta 14:00etan herri bazkaria izango da. Bazkalondoren, musika dantzagarria izango da herrian zehar. 19:00etan, buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute Loatzoko txistulari eta trikitilariekin. Gaueko 23:15ean, Zea Mays taldearen kontzertua hasiko da eta ondoren DJ Bull-en emanaldia goizeko 5:00ak arte.

Jaien azken eguna igandean izango da. Goizeko 11:00etan bi eta bost urte arteko haurrentzako Molto Grand Prix lasterketak antolatuko dira Ikastola aurrean, Katategi industria-gunean. Parte hartzaile bakoitzak bere moto eta kaskoa eraman beharko du.

Jarraian, patin-lasterketak antolatuko dira sei urtetik aurrerakoentzako. Bakoitzak bere patinak, kaskoa eta babestekoak eraman beharko ditu. Bi lasterketetarako izena emateak irteera puntuan egin beharko dira lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago. Arratsaldean, berriz, 19:00etan sagardo-dastaketa egingo da San Migel plazan eta iluntzeko 21:00etan herensugearen erretzea egingo da plazan bertan.

Fotos

Vídeos