Bost garaipen lortu dituzte Intxurreko futbol taldeek asteburuko partidetan

Tolosaren aurkako partida irabazteak arnasa eman die infantil neskei. /
Tolosaren aurkako partida irabazteak arnasa eman die infantil neskei.

GOIKOETXEA ALEGIA.

Iragan asteburua ona izan da Intxurreko futbol taldeentzat. Jokoan ziren sei partidetatik bost irabaztea lortu dute eta horietako garaipen batzuk garrantzia berezikoak izan dira. Aralar Intxurreko nesken kasua da hori. Orain arte jokaturiko partida guztiak galduta ziren eta denboraldi hasiera zaila ari zen izaten, asteburuan Tolosaren aurka 1 eta 0 irabazi arte. Lehen hiru puntuak batuta arnasa hartu du taldeak eta Goierri Gorriren aurka etxean bigarren partida irabazten ahaleginduko dira asteburuan. Maila bereko mutiletan, Aralar Intxurre B taldeak 1 eta 4 galdu zuen Euskaldunaren aurka. Bosgarrenak dira eta Billabonaren zelaian jokatuko dute hurrengo partida. Aralar Intxurre Arentzat partidarik gabeko asteburua izan zen aurrekoa eta datorrenean Lazkaon jokatuko dute.

Beste taldeei dagokienean, emakumezko jubenilek 1 eta 2 irabazi zioten Danenari. Laugarren jarri dira hamahiru punturekin eta bigarren dagoen Añorgaren aurkako partida gaiztoa izango dute asteburuan etxean. Maila bereko mutilek sendo jarraitzen dute lidertzan. Seguran 1-4 irabazi zuten eta emaitza bolada onari segida ematen ahaleginduko dira hurrengo jardunaldian Danenaren zelaian.

Erregionalek 3 eta 1 irabazi zuten Usurbilen aurka. Puntuen zakura beste hiru batuta hamarrekin dira bosgarren postuan eta asteburuan berriz ere etxean ariko dira Astigarragako Mundarroren kontra.

Azkenik, kadeteek 2 eta 0 irabazi zioten Billabonari. Zortzi punturekin zazpigarren postuan daude eta bosgarren dagoen Euskaldunaren aurka jokatuko dute asteburuan etxean.

Fotos

Vídeos