Bisitariz beteta bigarren azoka

Gozoak ez ziren falta izan atzo Altzoko azokan. /
Gozoak ez ziren falta izan atzo Altzoko azokan.

Artisautza produktuak, jakiak zein eskulanak erakutsi zituzten hogeita hamar postuk

NÚÑEZ ALTZO.

Eguraldi txarrak behartuta azoka Altzoko frontoira aldatu bazen ere, jende ugari gerturatu zen bertara eskaintzen ziren produktuak ikusi eta erostera. Mota guztietako hogeita hamar postuk erakutsi zituzten beren artisautza produktuak, jakiak zein eskulanak.

Goiza lasai hasi bazen ere eguerdi aldera udal pilotalekua bisitariz bete zen, amaierara arte iraun zuena. Ekoizleak gustura agertu ziren frontoian sortutako giroarekin. Bisitariak ere gustura ibili ziren postutik postura guztietan eskaintzen zena ikusiz eta ekoizleekin hitz eginez. Behieko esnekiak, X. Galarragaren eztia, Malu Nazabalen intxaur olioa, J.M. Iturriozen barazkiak, Arantxa Garaibururen ardi gazta, Goikoetxeko babarrunak, intxaurrak eta erroskilak, Maleken fruta, Leire Goibururen ahatekiak, Aldaba Zahar produktu ekologikoak, Ogi Onako ogiak eta gozoak, Loraldiren loreak, Arimasagasti behi gazta eta Muarrietako kiwi eta sagarrak...

Artisautza lanak ere eskuratu ahal izan ziren: Goiatz arropa eta poltsak, Nerea Elola eta Alaitz Gorostiagaren eskulanak, Iñaki Ormazabalen txori-kaxak, Nekane eta Zurineren dekorazio elementuak, Miren Garikanoren zeramika-lanak, Minimaliak egurrezko jostailuak, Pitxi-bitxi bitxiak edota Lierni Aranbururen swaroski bitxiak, besteak beste.

Zizka-mizkak ere ez ziren falta: Borda berriko eta Zubeldiako mondeju eta odolki pintxoak dastatu ahal izan ziren, baita Garaialdeko taloak. Goiz guztian gelditu gabe egon ziren ere Otsabiope gaztetxeko kideak pintxoak eginez eta Ana Mari eta Maixabel salda eta babarrun razioak ateraz. Eskolako ikasleek ere euren postua jarri zuten, ukendu, marmelada eta barazkiekin, eta joan den urtearen antzera, produktuz beteriko saski bat zozkatu zuten. J.M. Iturriozek eraman zuena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos