Bisitari ugari gerturatu ziren Amezketako Perira

Jesus Vallejok egur-lanak erakutsi zituen. /  YARZA
Jesus Vallejok egur-lanak erakutsi zituen. / YARZA

YARZA AMEZKETA.

Amezketako frontoia barazki, gozogintza eta artisautza produktuz bete zen igandean Kultur Astearen baitan antolatutako Perian. Herriko Zuzitza behekoa eta Berantetxeberri baserriek garaiko barazkiak eta fruituak aurkeztu zituzten, hala nola, kalabazak, intxaurrak, porruak, tipulak, piparrak, hurrak, babarrunak edota sagarrak; Oteiza Goikoa baserrikoek beraiek egindako gaztak eta esnekiak saldu zituzten eta Unanbide baserrikoek mota askotariko eztia eraman zuten.

Bestalde, hainbat gozo erosteko aukera egon zen Eguzkileire, Ogi Berri zein herriko haur eta gazteen postuetan baita guraso elkarteak prestatutako taloak dastatzeko aukera ere. Gainera, herritarrek egindako artisautza lanak ezagutu ahal izan ziren, hala nola, xaboiak, bolillo-lanak, Jesus Vallejoren egur-lanak eta Primi Galarzaren gantxillo-lanak. Goiza girotzeko, Amezketa Kantariko kideek euskal kantak abestu zituzten.

Produktuez gain, herriko baserrietako abereen erakusketa ere izan zen Amezketako plazan eta frontoiaren sarreran. Zaldiak, ardiak, ahuntzak, txerriak, mota ezberdinetako oiloak eta euskal artzain-txakurrak ikusi ahal izan ziren.

Gaur antzerkia

Gaur, 'Sexijentziak askatuz' bakarrizketa izango da Bazen Behin Klown taldearen eskutik. Emanaldia 19:30ean hasiko da Kultur Etxean.

Fotos

Vídeos