Birziklatzeko zalantzak argitzeko totemak jarriko dira Tolosaldean

Organikoa, papera eta kartoia, eta errefusaren azalpenak ezkerreko ontzian agertzen dira eta eskuinekoan plastikozkoak eta ontzi arinekoak. /  YARZA
Organikoa, papera eta kartoia, eta errefusaren azalpenak ezkerreko ontzian agertzen dira eta eskuinekoan plastikozkoak eta ontzi arinekoak. / YARZA

Mankomunitateak herri txikietara eramango ditu, edukiontzi bakoitzean zein hondakin mota bota behar den argitzeko

YARZA ALTZO.

Tolosaldeko Mankomunitateak herritarrei hondakinak sailka-tzen laguntzeko kanpaina berria aurkeztu zuen atzo. Mankomunitateko herrietan gaikako bilketa martxan jarri zenetik gero eta gehiago birziklatzen dira hondakinak, eta egun ehuneko 62 inguruan dabiltza, lehengo urteko datuak konfirma-tzeko dauden arren. Hala ere, Mankomunitateko ordezkariek datu horiek hobetu nahi dituzte sor daitezkeen zalantzak argituz, Josu Amilibia Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak, Patxi Amantegi lehendakariordeak, Gema Eceiza teknikariak eta Josu Astrain Altzoko zinegotziak Altzon egindako aurkezpenean azaldu zutenez.

Kanpaina landa eremuko herrietara bideratua egongo da eta ekainera bitartean hogei herrietatik igaroko da. Herri bakoitzean bi totem egongo dira, batean ontzi arinen ingurukoa eta bestean gainerako materialen azalpenekin. «Hiru totem pare ditugu eta hiru herrietan batera egongo dira herri bakoitzean, hamabost egun eta hilabete bitartean», Amilibiak azaldu zuenez. Altzo da herri horietako bat, beste biak Abaltzisketa eta Baliarrainen daude lehen txanda honetan.

Totemak birziklaguneen ondoan egongo dira, herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Honela, Altzon herriko bost birziklaguneetatik igaroko da kanpaina.

Totem horian ontzi arinen inguruko informazioa ageri da alde batean eta beste hiruretan bertan bota behar diren ontzien ereduak ageri dira: metalezkoak edo aluminiozko xaflak dituztenak, plastiko gogorrekoak eta tetra-brikak. Bigarren totema beirari, papera eta kartoiari, organikoari eta errefusari dagokio. Panel bakoitzean edukiontzi bakoitzari dagokion materiala zein den eta zer ez den bota behar azaltzen da. «Oso bisuala da eta zalantzak argitzen ditu bistazo batean», Patxi Amantegiren esanetan.

20 herri 23 astetan

Asteazkenean hasita hogei herritan jarriko dira egiturak ikusgai, Tolosako kasuan hiru auzoetan. Kanpaina honetan, herri txikiek izango dute protagonismoa. Kontuan izan behar da eskualdea osatzen duten 28 udalerrietatik 19 herri txikiak direla, 1.000 biztanle baino gutxiagokoak. Bilketa puntuen kopuruaren arabera, iraupen ezberdinez egongo dira herri bakoitzean, bi aste eta lau asteren artean.

Lehen totemak

Ahalik eta herritar gehienera hurbiltze aldera, herri bakoitzean ere egituren kokapena aldatu egingo da aste batetik bestera, beti ere, hondakinen bilketa puntuak erabiliz. Abaltzisketa, Baliarrain eta Altzo izango dira lehen herriak, hilaren 17ra arte. Egituren hiru bikote daudenez, aldi berean hiru lekutan egongo dira ikusgai.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos