Biharko merkatu txikiarekin emango zaio hasiera Gabonetako egitarauari

GOIKOETXEA ALEGIA.

Aralar Institutuko kideek bihar, ostiralez, arratsaldeko 18:00etan herriko plazan zabalduko duten merkatu txikiarekin jarriko da martxan Alegiako Kultura batzordeak aurtengo Gabonetarako prestatu duen egitaraua, eta datorren astean izango du jarraipena hainbat musika hitzordurekin: hilaren 20an Loatzo musika eskolako bandak emanaldia eskainiko du Elizpen; hilaren 22an musika eskola beraren Eguberrietako kontzertua entzun ahal izango da toki berean; eta biharamunean Txintxarri eta Txintxarri Txiki abesbatzak ariko dira kantuan elizan. Eta halaxe iritsiko gara Gabon egunera. Goizez San Juan eskolako ikasleak ibiliko dira kantuan herriko kaleetan barrena, eta arratsaldean Txintxarriko abeslariek hartuko diete lekukoa. Kultura batzordeak 18:30erako iragarri du Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera: eskolako atarian itxarongo diete.

Urteko azken astea ere bete-betea izango da: haur eta gazteentzako ekintzak Ludotekan eta Gaztelekuan, Gabonetako pilota topaketak, urtea agurtzeko San Silbestre krosa... Eta behin 2018ari ongietorria emanda, Errege bezperara bitartean ere izango da ekitaldi gehiago. Datak gerturatu ahala joango gara guztiak aletzen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos