Bihar izango da Amezketako Plan Orokorra idazteko prozesuko bigarren topaketa

GOIKOETXEA AMEZKETA.

Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra idazteko ardura duen taldeko teknikariek egindako diagnosia aurkeztuko dute bihar, ostiralarekin, arratsaldeko 18:00etan kultur etxean, eta jarraian bi gonbidatuk hitz egingo dute: Ula Iruretagoiena lurraldetasuna eta identitateaz arituko da; eta Joseba Garmendiak tokiko garapenaren eredu eta hausnarketak partekatuko ditu.

Etzi, larunbatarekin, bezperako aurkezpenean aipaturiko gaiak Amezketako gune ezberdinetan partekatuko dituzte herritarrek elkarrekin egingo duten ibilbidean barrena. Ibilbide hori kultur etxean amaituko da, bertan lehenengo lan-taldeak osatu eta «Amezketak izango duen garapenaren zazpi 'Amets gidariak' aukeratzeko».

Gogora dezagun Amezketako etxe guztietan banatu berri duela Udalak Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren aldizkariaren lehen zenbakia, 'Amestu Amezketa' izenburu duena, eta horrekin jarri duela abian Plan Orokorra idazteko amezketarren artean sustatu nahi duen partaidetza prozesua. Abenduaren hasierara bitartean burutuko diren hainbat bilera eta topaketetarako hitzorduak aurkituko dituzte herritarrek aldizkari horretan. Hitzordu horietako lehena joan den larunbatekoa izan zen, 'Emakumeak erdigunean'; eta hurrengoak aipatu berri ditugun biharkoa eta etzikoa izango dira.

Azaroaren 17rako eta 18rako beste bi saio aurreikusi dituzte, eta abenduaren lehenerako azkena. Horrekin amaitutzat emango luke Udalak Plan Orokorraren parte-hartze prozesuaren lehenengo zatia.

Amezketako Udalak web gune bat ere jarri du martxan honen guztiaren inguruan: www.amestuamezketa.eus. Plan Orokorrari buruzko informazioa biltzeaz gain, hari buruzko iradokizunak egiteko aukera ematen die atari horrek herritarrei.

Fotos

Vídeos