Bihar hasiko dira 65 urtetik gorakoentzako ibilbide osasungarriak

EDURNE ALBIZU ZEGAMA.

Zegamako udala zahartze aktibo eta osasungarriaren akzio-planean parte hartzen ari da. Plan horretan, pertsona helduetan aktibitate fisikoa sustatzea bultzatu nahi da. Horrela, 'Aizkorrira begira martxan, ibilbide osasungarriak' izeneko proiektua jarri nahi da abian.

Proiektu hori 65 urtetik gorako eta sedentario diren pertsonei zuzendua dago batez ere, hala ere, nahi duenak parte hartu lezake. Aktibitate fisikoa sustatu nahi da, zailtasunak dituzten pertsonetara egokituta dauden ibilbide lauen eta seguruen bidez.

Helburua oinez ibiltzea da, norbere gaitasunak kontuan hartuta, baina, hori bai, beti norbaitek lagunduta eta aholkatuta. Gainera, garrantzitsuena ondo pasatzea eta lagunak egitea da.

Lantalde sendo bat aritu da lanean, udaleko ordezkariak, herriko zenbat bolondres, osasun-zentroko ordezkariak eta Tolosa-Goierriko osasun publikoko zenbat partaide tarteko. Taldeak, ibilbide diseinatu, dauden beharrak atzeman eta erabilgarri dauden baliabideak identifikatu ditu.

Dena den, ekimen hori ezin da martxan jarri bolondres talderik eta parte hartzailerik gabe, beraz animatu eta bihar egingo den lehen ibilaldian parte hartu. 10:30etan da hitzordua Jubilatuen Elkartean.

Hitzaldia datorren astean

Bestalde, datorren asteazkenean, 'Etxe barruan eta etxetik kanpo adinekoak izaten dituzten erorikoak saihesteko aholkuak' hitzaldia antolatu dute, 11:30ean Jubilatuen Elkartean.

Errusiar entsalada

Larunbatean, errusiar entsaladen lehiketa egingo da Bele Gazte gaztelekuan arratsaldeko bostetatik aurrera. Eguraldi ona bada plazan egingo dituzte eta giroak laguntzen ez badu gaztelekuan bertan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos