Berrenoako galtzada zaharraz disfrutatzeko ibilaldia antolatu da biharko

F.I. ATAUN.

Ibilaldia antolatu du larunbat honetarako Atauniker taldeak, Berrenoako galtzada zaharraz disfrutatzeko. Lau ordu eta erdiko txangoa izango da, eta abiapuntua Ataun San Martingo plaza izango da, han goizeko 8:30ean lineako autobusa hartuko delarik.

Ataun eta Nafarroako Sakana bat egiten dituen galtzada da Berrenoakoa. Oso antzinakoa da. Hamahirugarren mendean jadanik agertzen da, baina ez galtzada moduan, baizik eta toki-izen gisa. Gero, hamazazpi eta hemezortzigarren mendeetan sarri agertzen da agirietan, baina portu moduan. Behin Ataungo erreka aldea utzi eta mendian gora hasten denean, eta Nafarroako mugaraino, Infantadoko dukearen lursailetatik pasatzen da galtzada.

Lizarrustiko errepidea, orain Ataun eta Nafarroa batzen dituena, hemeretzigarren mende bukaeran egin zuten. Ordu arte, Berrenoa zen bide nagusia.

«Zenbait tokitan ondo mantentzen da galtzada -adierazi du Atauniker taldeko kide den Jexux Aizpuruak-. Badira hogei metroko pusketak oso egoera onean daudenak. Pagadietatik pasatzen da gehienbat, eta horri eskerrak. Hainbeste urte ez dela, kontrabandoko bidea zen, adibidez hemendik Nafarroa aldera adabejoa -bakailaoaren antzeko arraina- eraman ohi zuten ezkutuan, eta handik ardo-zahagiak». Nafarroako zezen eta xexenak ere, sarri asko Ataundik ekarri ohi zituzten Gipuzkoara.

Orain milaka urte ere pasalekua zen. Badaude inguru hartan monumentu megalitikoak, ezagunena Berrenoa gaineko trikuharria, 1919an deskubritutakoa.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos