Migel Anjel Mintegi Larraza (Idazlea): «Gazte literaturaren barruan sartu daiteke nire azken eleberria»

Idazlea. Migel Anjel Mintegi bere eleberriarekin.
/JUANTXO UNANUA
Idazlea. Migel Anjel Mintegi bere eleberriarekin. / JUANTXO UNANUA

Bihar eguerdian, Liburu Azokan, aurkeztuko du 'June eta meategiko iheslariak' bere liburu berria «intrigaz beteta»

JUANTXO UNANUA BEASAIN.

Mige Angel Mintegi idazle beasaindarrari literaturarekiko zaletasuna gaztetatik datorkio. Bi literatura-sari irabazi ditu: Donostia Hiria Ipuin Lehiaketako lehen saria (1987an) eta Irun Hiria Literatura Lehiaketa 1991n. Hamar bat liburu idatzita eta argitaratuta ditu. Bihar eguerdiko ordubatean, Gernika Pasalekuko Liburu eta Disko azoka gunean bere azken nobela aurkeztuko du, 'June eta meategiko iheslariak'.

-Nor da Migel Angel Mintegi? Delineatzailea? Idazlea?

-Behin ere ez dut garbi zer izan naizen, bi lanetan gustura aritu bainaiz. Hala ere, zerbait esateagatik, lan egin bitartean ofizioz delineatzailea eta 'afizioz' idazlea izan naizela esan nezake. Orain, ordea, erretiroa hartuta, idazlea naizela esan dezaket. Bestalde, autodidakta naizenez gero, nirea ez da bide erraza izan, baina pozak dezepzioak baino gehiago izan dira literaturan burutu dudan bide luzean.

-Bihar eguerdian Liburu azokan aurkeztuko duzu zure azken liburua. Noiz hasi zinen idazten? Zenbat liburu dituzu idatzita?

-Hamalau, hamabost urte nituela hasi nintzen koartilak zirriborro-tzen. Gaztelaniaz garai hartan, noski, eta asmo zehatzik gabe gainera, irudimenari bide libre ematea ez bazen. Gero, soldadutzatik bueltan, erdi ahaztua nuen euskara berreskuratu ondoren, berriz ere ekin nion idazteari. Baina orduan ere gauzak garbi eduki gabe. Nire izena liburu baten azalean idatzita ikusteko ilusioa nuen, baina ez nekien inoiz gauza izango nintzen. Ilusioa, esan dut, ezen ez obsesioa. Eta hara non liburu honekin hamaikagarren aldiz bete egin den ametsaren gertukoa zen garaiko ilusioa.

-Noiz izan zen lehenengoa?

-Nire lehenengo obrak 1992an ikusi zuen argia, 'Udazkena' zuen izenburua eta Irun Hiria literatur lehiaketa irabazi zuen 1991n. Hura zen idazten nuen lehenengo narrazio luzea. Baina aurretik, 1987an, Donostia Hiria Ipuin lehiaketa irabazia nuen 'Haritz Zaharra' ipuinarekin. Baina hau udaletxeko artxiboetan galduta gelditu bide zen. 'Udazkena' argitara eman eta gero, lehen esan bezala, beste hamar nobela argitaratu ditut, azkena bihar aurkeztuko dudana. Hauetako lau helduen literatura arloan eta gainerakoak gazteenean.

-Zure azken lanak 'June eta meategiko iheslariak' du izenburua? June eleberriaren protagonista bakarra al da?

-Ez, baina bai nagusia. Izan ere, June, nahi gabe, arazo larri batean sartuko da, eta bera bakarrik saiatu beharko da arazoa konpontzen. Baina bere inguruan, kuadrillako neska mutilekin batera, sikario frantsesak eta ekialdeko mafiosoak ere ibiliko dira, eta denekin izango ditu arazoak. Bestalde, nahita aukeratu nuen June izena, nire biloba horrela deitzen da-eta.

-Oraingo honek ba al du loturarik aurretik argitaratutako beste nobelaren batekin?

-Ez, baina batzuen artean badaude kointzidentzia batzuk, gertaeretan ez izan arren. Izan ere, gustatzen zait nire protagonista gazteak (gazte normalak, bestalde) muturreko egoeratan sartzea, nola moldatuko diren ikusteko. June lan honetan bezala. Eta, jakina, beren estualdien bitartez saiatzen naiz azken orrira iritsi arte irakurlea liburuari lotua izaten.

-Irakurle sektore batera bideratuta al dago?

-Bai, gazte literaturaren barruan sartu daiteke, baina ziur nago helduei ere gustatuko zaiela, intrigaz beteta baitago liburua.

-Pentsatzen dut jarraituko duzula orriak betetzen. Zer duzu orain esku artean?

-Bai, halaxe da, eta oraingoz ez dut uzteko asmorik. Disfrutatu egiten dut idazten eta proiektu berriak ere baditut. Joan den astean, esate baterako, bukatu nuen nobela labur bat eta dagoeneko editore baten esku dago. Ikusiko dut ateratzen den edo ez. Horrez gainera, beste bat ere bukatua daukat, azken orrazketaren zain. Azken hau, eta aspaldiko partez, irakurle helduak gogoan. Baina, egia esan, nik ez dut oso garbi ikusten gazte eta helduen literaturaren mugak, eta pentsatzen dut, argia ikusiko balu, gazteen gustukoa ere izan zitekeela.

Más

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos