Diario Vasco

Mintzodromoa Euskararen Eguna ospatzeko, gaur arratsaldean

Nazioarteko Euskararen Eguna bihar izan arren, gaur burutuko dira Beasaingo Udalak antolatutako ekitaldiak. Egun osoan zehar mural bat egongo da Loinazko San Martin plaza azpian, herriko elkarte, euskara ikasle, mintzalagun edo norbanakoek bertan euren testigantza edo ekarpena jasotzeko gonbidapena egin baitu Udalak. Mural horretan, edozein motatako idatziak (esaldi, mezu, kanta, poesia) marrazkiak edota objektuak zintzilika jar daitezke. Helburua da herriko euskalzale guztion artean mosaiko edo puzzle haindi bat osa-tzea.

Erraldoi eta buruhaundiak

Arratsaldean, berriz, erraldoi eta buruhandiak izango dira 17:30ean eta Mintzodromoa 18:30ean. «Euskarari egin daiteken omenaldirik onena euskara noiznahi eta nonahi erabiltzea da», diote Udaletik. Hala, Euskararen Egunarekin bat egingo du eta ekitaldietan parte hartzeko gonbita egiten die herritarrei. «Euskara ikasten ari direnak edo euskara hobetu nahi dutenak euskara dakitenekin elkartuko dira toki berean tertulia giroan».

Azkenik, Usurbe antzokian gaueko 22:00etan 'Igelak' filma emango da.

Ikastetxeetan

Murumendi eskolan ere gaur Euskararen Eguna ospatuko dute. Egun osoan zehar hainbat ekintza eta jarduera izango dituzte. Goiz-goizetik euskal kantek eta doinuek eskola eta honen ingurua beteko dute. Ikasleek goizeko saioetan euskaraz eta euskaratik arituko dira gozatuz eta jolastuz. Alkartasuna Lizeoan ere dantza eta abestien bidez gogoratuko dute Euskararen Eguna.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate