Diario Vasco

«Udal Gobernuak ez ditu ondo kudeatu ludoteka eta gaztelekuaren gaiak»

  • EH Bilduren iritziz, «gauzak korrika egitearen ondorioz, pleguak ez dira egokitzen beasaindarren beharretara»

Ludoteka eta Eizu Gaztelekuren gaia, azken udal bileran behin baino gehiago azaldu da.

Uztailaren 28ko gobernu batzordean hizkuntza errefortzua eskain-tzeko baldintza plegua aurkeztu zuen Udal Gobernuak, eta EH Bilduren aurkako bozka jaso zuen. Orain ezker abertzaleko zinegotziek, prentsa ohar baten bidez adierazi dute EAJren asmoa «ludoteka eta gaztelekuko zerbitzua bertan behera uztea» zela, «eta soilik hizkuntz errefortzuari zuzenduriko zerbitzu berri bat eskaintzea».

«EAJ-k bere gehiengo osoaz baliaturik, ludoteka eta gaztelekuaren zerbitzuaren bideragarritasunaren eztabaida eman gabe zerbitzua etentea erabaki dute, gauzak gaizki, korrika eta presaka eta oposizioaren inolako elkarlanik gabe egin dituzte», nabarmendu dute.

Irailaren 5ean bukatu zen deialdira aurkezteko epea, «eta inor ez da aurkeztu». «Nabarmen geratzen da EAJren udal gobernuak gai hau ez duela batere ondo gestionatu», ondorioz urritik aurrera ez da ludoteka eta gaztelekuko zerbitzurik emango, ezta hizkuntz errefortzuko zerbitzurik ere». Koalizioaren ustez, «gauzak korrika eta presaka egitearen ondorioz», baldintza pleguak ez dira egokitzen beasaindarren beharretara. «Oso larria» iruditzen zaie honelako erabaki bat hartzea, «haur eta gazteei zuzenduriko zerbitzu bat etetea, 16 urtez eman den zerbitzu bat kentzea, oposizioarekin batera hausnarketa sakon bat egin gabe».

EH Bilduren ustez «orain da momentua gaiari eusteko, behar den bezala» lantzeko eta sakontzeko, gu prest gaude, oposizio eraikitzailea egin nahi dugulako, eta beste behin elkarlanerako eskua luzatzen dizuegu». Beraz azken bost hilabeteetan deitu ez den gazteria batzordea «urgentziaz deitzea» eskatzen diete, gaia mahai gainean jartzea eta behar den lanketa egitea. EH Bildukoek garbi dute, ludoteka baten helburua «aisialdian hezitzea eta parte hartzen duten kideen sozializazioa bultzatzea da», eta era berean norbanakoaren garapen emozionalean laguntzea. Hizkuntzaren normalkuntzaren alde egiten den edozein aurrera pauso babestuko dutela diote, «baina horrek ezin du ekarri beharrezkoak diren beste udal zerbitzu batzuen deuseztapena». Bere ustez, eta «orain arte egiten zen bezala ludotekaren zerbitzuaren barruan txertatu beharko litzateke hizkuntza errefortzuaren zerbitzua».