Baserritarren lanaz gozatzeko aukera bikaina

Abeltzainek erakusgai jarritako abereak ikusgai egon ziren herriko plazan; askoren atentzioa erakarri zuten./
Abeltzainek erakusgai jarritako abereak ikusgai egon ziren herriko plazan; askoren atentzioa erakarri zuten.

Eguraldia lagun, jende ugari bildu zuen igandean Basherri Egunak

DV LAZKAO.

Seigarren Basherri Eguna ospatu zuten lazkaotarrek herenegun, herriko baserritarrek egiten duten lana gertutik ezagutzeko aukera paregabea ematen duen azoka. Abeltzainek erakusgai jarritako abereak zeuden ikusgai batetik -ardi, behi, behor, asto...- eta nekazariek ekoitzitako produktuak dastatu edota erosteko postuak bestetik: barazkiak, txerrikiak, txekor haragia, gazta eta behi esne pasteurizatuakin egindako jakiak...

San Benitoko ikasleak sagardoa eta pintxoak banatu zituzten gainera, hurbildutakoek mokadutxo bat egiteko aukera izan zezaten, eta haurrentzako txoko bat ere prestatu zuten Iztuetakoek, urtero moduan. Azokan erosketak egin zituztenen artean bi saski ere zozketatu zituzten antolatzaileek, baserriko produktuez betetako saski ederrak, eta 0281 eta 0399 zenbakidun txartelak izan ziren sarituak. Giroa, Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariek jarri zuten goiz guztian zehar.

Oroigarria Garinentzat

Enparandegi baserriko Juan Joxe Garin beti izan da Basherri Eguneko protagonistetako bat, 2012an Lazkaoko Udala eta baserritarrak azoka antolatzen hasi zirenetik. Urtero egin du, emaztearen laguntzaz, aintzinako baserriko lanbide baten erakustaldia egun honetan eta antolatzaileek bere lana eskertu nahi izan zioten aurtengoan. Oroigarria eta lora sorta oparitu zizkien igandean Enparandegikoei Udaleko ordezkari diren Imanol Aran eta Aitor Altuna zinegotziek eta Aloña Galarragak, gainerako baserritarren izenean.

2012an artoa nola txikitzen zen erakutsi zuten Enparandegikoek, 2013an haria egiten, gari lanak 2014an, eta aintzinan lixiba nola egiten zen 2015ean. Iazko Basherri Egunean baserriko lanabesak nola zorrozten ziren erakutsi zuten eta aurtengoan, 6. Basherri Egunean, lanbiderik ez baina eskala txikian egindako baserriko lanabesen erakusketa prestatu dute. Juan Joxek berak eskuz egindako lanabesak, miniaturan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos