Badator Ibarrako VI. urte zahar krosa

Haurren ibilbideari arratsaldeko 16:00etan emango diote hasiera, eta helduenari 16:30ean

M.A. IBARRA.

Bihar ospatuko da izaera herrikoia duen Ibarrako urte zahar krosa, seigarrenez. Haurren ibilbideari arratsaldeko 16:00etan emango diote hasiera, eta helduenari 16:30ean. Hauspoa kultur elkarteak 2011z geroztik antolatu izan du egitasmo hori urtez urte, gaur arte, eta arrakastatsua izaten da.

Edonola ere, urte zaharreko Ibarrako krosa bestelakoa izaten da; izan ere, ez dago lehiarik korrikalarien artean, ez baita korrikalarien denbora neurtzen, ez eta inskripzioa diruz ordaintzen ere. Krosaren lelopean, 'Korrikalari bat, janari bat', parte hartzaile bakoitzak elikagai produktu bat eraman behar izaten du dortsala eskuratzeko orduan. Dortsal banaketa Goxobi dendan egingo da, urtero bezala. Banatzen den sari bakarra emakumezko eta gizonezko korrikalari beteranoarena izaten da.

Krosa amaitu eta gero, Ibarrako Merkatarien Elkartearen eskutik hainbat produktu sorta zozketatuko dira korrikalari helduen artean; adingabeek kamiseta edo goxokiak izaten dituzte opari.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos