Babes zibileko taldeak botako du bihar txupinazoa Iruran

Irurako udal ordezkariak eta babes zibileko kideak jaietako egitaraua eskuetan dutela. / NÚÑEZ

Lara Aranzabalen diseinuak irudikatuko du sei egunez luzatuko den egitaraua

NÚÑEZ IRURA.

Bihar ostirala hasiko dira Iruran sanmielak eta herrian dena prest dute jaiei hasiera emateko. Aurten sei egunez luzatuko da egitaraua: bihar eta etzi izango da jaien lehen zatia eta hurrengo ostegunetik, irailaren 28tik, urriaren 1era ospatuko da jarraipena.

Lara Aranzabalen diseinuak irudikatuko ditu aurtengo jaiak, «epaimahaiaren esanetan, artelan itxura du eta Irurako elementu ezagunak identifikatu daitezke, hala nola, garbilekua, eliza, dantza-soka, eta abar», adierazi zuen Lasak jaien aurkezpenean, Ana Leunda alkatearekin eta Marta Castrillo Kultura zinegotziarekin batera.

Herriko babes zibileko taldeak izango du aurten txupinazoa botatzeko ardura. Alkateak azaldu zuenez, «musu-truk herrian egiten duten lana eskertzeko modua da, behar ditugunean hor daudelako». Taldea duela lauzpabost urte sortu zen «udalean zeuden azpiegiturak nahikoa ez zirela ikusi genuelako», esan zuen Joxi Lasa babes zibileko taldearen arduradunak. «Denbora honetan hamar lagun izan gara herrian zerbait gertatzen zenean laguntzeko prest. Festetan laguntzeaz gain, kontzertuetan, larrialdiren batean, edo adibidez herritik igaro zen Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi lasterketan, egon gara», azaldu zuen eta unea aprobetxatu zuen «herritarrei taldean sartzeko gonbidatzeko, boluntario izateaz gain herrigintza egiteko modua delako».

Aurtengo egitarauan hainbat berrikuntza sartu dituzte Jai Batzordeko kideek. Azken urteetan txupinazoaren ondoren antolatzen zen danborrada bigarren asteburura pasa da eta ostegunean, hilaren 28an, izango da.

Gainera, lehenengo larunbatean, haurren eta gazteen egunean, patata-tortilla lehiaketa berreskuratu da, duela bi urte antolatu zena. Gainera, mozorro desfilea egingo da haurrekin bazkalondoren. Egun horretan ere, gazteek beren eguna ospatuko dute eta dantza-soka eskainiko dute.

Musika ere ez da faltako jaietan. Play-back jaialdia San Migel egunean egingo da, irailaren 29an, eta larunbatean jaietako kontzertu esanguratsuena izango da, Zea Mays taldearena.

Eraso sexistei aurre egiteko ere hainbat neurri jarri dituzte. Udalak eraso baten aurrean zer egin behar den azaltzen duen eskuorriak atera ditu eta jai egitarauarekin batera etxe guztietara banatu dira. Kartel horiek, herriko taberna eta txosnetan ere jarriko dira herrira etortzen direnek ikus ditzaten.

Fotos

Vídeos