Babarrunaren jaitsierak emango die hasiera lau eguneko jaiei larunbatean

NÚÑEZ ALBIZTUR.

Asteburu honetan ospatuko dira Albizturko Andra Mari jaiak, larunbatetik asteartera bitartean. Larunbatean, arratsaldeko 18:00etan botako da txupinazoa eta Babarruna jaitsiko da kanpandorretik.

Ondoren kalejira egingo da eta laugarren urtez Albiztour bizikleta lasterketa antolatuko da. Jarraian, iluntzean, herri afaria egingo da eta, ondoren, erromeria izango da Kupela taldearen eskutik.

Igandean txistularien kalejirak emango die hasiera eguneko ekitaldiei eta goizeko 11:15ean Meza Nagusia ospatuko da. Ondoren Toka txapelketa herrikoia antolatuko da. Arratsaldean, berriz, helduen pilota partidak jokatuko dira 18:00etatik aurrera eta gauean Zesuma taldeak alaituko du giroa.

Astelehenean gazteen eguna ospatuko da, mozorro festarekin. 11:30ean triki-poteoa egingo da herrian zehar eta 14:00etan ume eta gazteen bazkaria izango da. Ondoren karaokea eta gazte jokoak antolatuko dira.

20:00etan tortilla txapelketa eta sagardo dastaketa egingo dira, ohitura den bezala, 22:30ean Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldiarekin bertso saioa izango da eta ondoren Elustondo anai arrebekin erromeria.

Andra Mari egunean, asteartean, goizeko 11:15ean Meza Nagusia ospatuko da eta ondoren adinekoentzako hamaiketakoa eskainiko da. Aldi berean herriko gaztetxoen pilota partidak jokatuko dira. Arratsaldean, ohitura den bezala, herri kirol saioa izango da herriko gazteen artean.

Aurten, hauei laguntzen, Mugertza anaiak arituko dira aizkoran eta Izeta IV.a eta Aimar Irigoien harri-jasotzen. Gauean, Oinargi dantza taldeak 'Izena badu, bada' emanaldia eskainiko du eta ondoren babarrun igoera egingo da kalejiran jaiei amaiera emateko.

Fotos

Vídeos