Aztiria auzoko Santa Marina jaiak bihar hasiko dira

18:00etatik aurrera ezkil joaldiak eta suziri jaurtiketekin

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Bihar, ostirala, arratsaldeko 18:00etan ezkil joaldiak eta suziri jaurtiketak Aztiriako Santamaña jaien hasiera iragarriko dute. Aztiriarrek Santa Marina egunaren bueltan urtero-urtero antolatzen dituzten festa hauek iraupenez luzeak ez izan arren bizi-biziak izan ohi dira; tradizio eta usadio zaharrei eutsiz, jadanik finkoak diren eta festei nortasun berezia ematen dieten elementuek bertan irauten dute, hala nola, aurten ere tonbola ez da faltako Aztirian.

Esan bezala, aurtengoan bihar arratsaldean hasiko dira Gabiriako auzo honetako jaien lehen ekitaldiak; behin ezkil joaldi eta suziri jaurtiketekin abiarazita auzotarrentzat mus azkar txapelketa egingo da, 2 usteletara, bertan apuntatu nahi duenak egun horretan bertan 18:00-18:15 bitartean egin beharko du. 19:00etan bola eta toka lehiaketa eta gauean, 21:00etatik aurrera auzo afaria Aztiri erretegian; guztia girotuz goizalde arte Elustondo trikitilariak ibiliko dira.

Larunbatean, urtero lez patata tortilla lehiaketa egingo da arratsaldeko 18:00etan, aurtengoa jadanik XXII. aldia da lehiaketa hau egiten dela, gainera parte hartzen duten tortilla guztiak dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, pintxoak banatuko bait dira ardoarekin batera. 18:30ean bola lehiaketa jokatuko da. Arratsaldeari erritmoa jarriz Gari eta Iñaki trikitilariak ibiliko dira.

Gauean, Aztiri Bat elkartean bertso afaria egingo da: Gorka Maiz, Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegi bertsolariekin. Ostean erromeria arratsaldeko trikitilari berdinekin. Goizaldean, hurrengo egunari indartsu ekiteko txokolatada egongo da.

Izan ere, igandeko egitaraua ongi beterik dago; 10:00erako Gabiriako txistulariak hasiko dira baserriz baserri goiz eresia egiten. 11:00etan, berriz, alde batetik Goierri Garaia taldeak antolaturiko Aztiriako XIII. Mendi Lasterketako irteera izango da, eta bestetik meza nagusia egingo da bertako ermitan, bukatzean auzoko nagusienari omenaldia egingo zaio. 12:30ean auzoko enparantzan Gabiriako Goruntz dantza taldeko kideek emanaldia eskainiko dute eta 13:00etan mendi lasterketako sari banaketa egingo da Ansorregi eta Narbaiza trikitilariek hauspoa astintzen duten bitartean iluntze arte.

Arratsaldean, 18:30ean herri kirol erakustaldiarekin batera (aizkoran Azurmendi eta Otaegi arituko dira) probintzia mailako bola eta toka txapelketa lehiatuko da.

Jaiei amaiera emateko, eta astelehena atseden hartzeko utzita, asteartean, Santa Marina egunean, 11:00etan meza nagusia egingo da eta ondoren hamaiketakoa herriko musikariek alaituta.

Fotos

Vídeos