Azintzio jaietarako dena prest

Erraldoiak eta buruhandiak ere aterako dira haurrekin jolastera gaur arratsaldean. /  NÚÑEZ
Erraldoiak eta buruhandiak ere aterako dira haurrekin jolastera gaur arratsaldean. / NÚÑEZ

Sabino Fernandez izango da, gaur arratsaldeko 19:00etan, suziria botatzeko ardura izango duena

NÚÑEZ LEGORRETA.

Legorretan dena prest dago gaurtik aurrera Azintzio jaiak ospatzeko. Arratsaldeko 19:00etan botako da suziriaren jaurtiketa baina aurretik, Gazte-Pikuk antolatutako pilota txapelketako finalak jokatuko dira pilotalekuan, 17:00etan. Aurten Sabino Fernandez izango da jaiei hasiera emango dien suziria botatzeko arduraduna. Asturiasko Pola de Lenan herrian jaioa, gaztetatik aritu izan da Legorretan hainbat lanetan boluntario bezala laguntzen, Bilkoin areto futbol taldearen sortzaile eta entrenatzaile izan zen eta Bilkoin elkartean antolatutako kirol ekitaldi guztietan parte hartu izan du, bai antolatzaile, zein kirolari edo lagun-tzaile moduan.

Suziria bota ondoren erraldoiak eta buruhandiak aterako dira haurrekin jolastera, eta jarraian, 19:30ean, bertso erronka hasiko da Arantxa tabernaren aurretik abiatuta. Felix Artolak gidatuko du saioa eta bertan Maialen Akizu, Manu Goiogana, Eli Pagola, Unai Mendizabal, Beñat Iguaran eta German Urteaga bertsolariak ariko dira. Iluntzeko 21:00etan lagunarteko afaria egingo da Bilkoin kirol elkartean eta ondoren kalejira hasiko da goizaldera arte Joselontxos txarangarekin.

Bihar, Azintzio eguna ospatuko da. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da eta 13:30ean erraldoien, buruhandien eta Solano musika eskolako trikitilarien kalejira izango da. Arratsaldean, Euskal erromeria egingo da, Agintarien Soka Dantzarekin eta Irrintzi Alai taldearen euskal dantza emanaldiarekin. Jarraian, erromeria egingo da sagardo dastaketa eta txorizoarekin, trikitilariek alaitua.

Bertso erronka, lagun arteko afaria eta kalejira Joselontxos txarangarekin, gaur

Iluntzeko 23:00etan 'Freshcool' dantza ikuskizuna eskainiko du Tio Teronen Semeak taldeak. Gauerdian gazte eta helduentzako asto lasterketak antolatuko dira.

Ostiralean haurrentzako jolasak izango dira goiz guztian plazan eta jubilatuentzako pote, igel eta toka txapelketak antolatuko da. 14:30ean herri bazkaria izango da Bilkoin elkartean Iraunkorrak taldeak alaituta. Arratsaldean, 18:00etan haurren play-back emanaldia izango da eta gaueko 23:30ean helduena. Jarraian, DJ Bullen emanaldia.

Larunbatean mozorro eguna ospatuko da. 80ko hamarkada izango da aurten aukeratutako gaia. 13:00etan txakolin dastaketa izango da eta ordu berean paella txapelketa hasiko da. Ordu bete izango dute parte hartzaileek paellak prestatzeko, ondoren herri bazkaria egingo da. Arratsaldean plazan wipeout puzgarria egongo da gazte eta helduen-tzako, eta afalondoren, Burrunba elektrotxarangarekin kalejira.

Igandean amaituko dira jaiak. Eguerdian Solano musika eskolako ikasleek kalejira egingo dute eta 13:00etan 'Hiru ipuin haur' an-tzerkia eskainiko du plazan Tomaxen Abenturak taldeak. Arratsaldean, 18:30an, herri kirol jaialdia izango da Harripila kiroldegian lasto botatzaileekin eta aizkolariekin. 20:30ean gizon pikuaren ehorzketarekin emango zaie amaiera jaiei.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos