Azaroko bigarren hamabostaldian hasi nahi da Larrunarri pilotalekua berritzen

Lanen hasierako aurrekontua 381.421,74 eurokoa da 113.134,05 euroko diru-laguntza jasoko du Udalak

GOIKOETXEA AMEZKETA.

Amezketako Udalak pasa den asteko osoko bilkuran onartu zuen Larrunarri pilotalekua berritzeko proiektua, eta abian jarri du dagoeneko lanak egingo dituen enpresa kontratatzeko prozedura. Udalaren asmoa berritze lan horiek azaroko bigarren hamabostaldian hastea da.

Lanen hasierako aurrekontua 381.421,74 eurokoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak 113.134,05 euroko diru-laguntza emango dio Amezketako Udalari. Berritze lanen exekuzio proiektua Astazaldi enpresak idatzi du eta Udalak egindako ekarpen guztiak jaso ditu bertan.

«Pilotalekuaren egitura egoera onean dago. Kontua da, 1989an inauguratu zenetik araudia aldatuz joan dela (ikuskizun publikoena, argindarraren instalazioena, suteen segurtasunari dagokiona, irisgarritasunarena, etab.) eta eraikinak egokitzapenak behar dituela araudi horiek betetzeko», azaldu dute udal arduradunek.

Dena den, araudiak dioenetik harago, onartutako egitasmoak beste zenbait hobekuntza ere jasotzen ditu: besteak beste, eserleku egoki eta erosoak jarriko dira, mugikortasun arazoak dituzten herritarrentzako espazioak egokituko dira eta berogailu sistema ezarriko da.

Berritze lanek hamar bat aste iraungo dutela aurreikusten dute udal arduradunek, eta zenbait astez ezingo dira pilotalekua eta gaztelekua erabili. Horren aurrean, Udalak lanak teknikoki ahalik eta azkarren burutzeko konpromisoa hartu du, baina herritarrei pazientzia eskatu die: «Merezi du sortzen diren eragozpenei aurre egitea, pilotaleku berria izango baitugu laster».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos