Aurrera doaz Leaburuko plazako eraberritze lanak

NÚÑEZ LEABURU-TXARAMA.

Leaburuko plazako eraberritze lanak martxan daude jada. Joan den hilabetean hasi ziren eta datozen asteetan luzatuko dira, uda arte. Guztira, lau hilabete inguru luzatzea dago aurreikusita. Lanen ondorioz, plazarako sarrera itxita dago, bertan egingo baitira lan nagusienak.

Azkenaldian plazako lurra estaltzen zuten baldosetako asko hautsiak zeuden, eta bertarako sarreran ere koskak zituen, mugikortasun urria zuten pertsonen irisgarritasuna mugatzen zuena. Gainera, baldosa hautsiek hainbat filtrazio eragiten zituzten. Hori dela eta, Leaburuko Udalak dena eraberritzea erabaki zuen. Plazako zuhaitzak bere horretan utziko badira ere, lurzoru guztia altxatuko da eta berria jarriko da. Bide batez, bertatik pasatzen diren azpiegitura guztiak berrituko dira legediarekin bat etorri daitezen. Horrela, ur zikinen hoditeria, telefonia zein argindar sareko kableak lur azpira pasako dira. Dena amaitutakoan lurzoru berria jarriko da eta zuhaitzei nahikoa leku utziko zaie egoki hazi daitezen.

Lanak amaitutakoan frontoira doan errepide zatia desagertu egingo da, eta plaza Ostatuaren aurreko espaloiraino luzatuko da. Orain arte bertan zeuden lauzpabost aparkalekuak ere kendu egingo dira. Campezo Obras y Servicios S.A. enpresa ari da lanak egiten. Plazaren eraberritzeak 256.415,71 euroko aurrekontua izango du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos