Atsauratzeko jantziak prestatzeko garaia!

Umore ona izan ohi da nagusi igandeko desfilean. / BELAUNTZARAN
Umore ona izan ohi da nagusi igandeko desfilean. / BELAUNTZARAN

Hilaren 27an hasiko dira aurtengo ihoteak Leitzan eta asteartera arte primeran pasatzeko aukera egongo da usadio zaharrak jarraituz

ELISA BELAUNTZARAN LEITZA.

Elurra etxe atarian izan arren, neguari aurre egiteko prest daude Leitzan edo prestatzen hasiak dira. Ohi bezala, ihoteak ate joka dituzte eta atsauratuta atera-tzeko buru belarri lanean ari dira. Batzuk baserri edo etxeko ganbaran dituzten trapu, jantzi, zapi, txano eta bestelako atera eta astindu dituzte hilbeltzaren azken egunetan janzteko asmoz. Beste batzuk, bakarrik, bikotearekin edo lagunekin koadrilan aterako dira igandeko desfile erraldoian. Denak balio egun horietan umorea zabaldu eta pentsamendu txarrak uxatzeko.

Erletakoak lehenak

Urtero bezala, hilbeltzaren azken asteburuan izango dira ihoteak Leitzan. Aurten, hilaren 27an hasi eta 30a arte izango da non ongi pasa bertan. Dena den, Erleta herri eskolakoak izango dira lehenak mozorro-tzen. Eguraldi ona izanez gero, arratsaldeko 15:00etan umeen kalejira izango da, musikaz alaiturik. Danbor hotsak izango dira nagusi aurtengoan, Donostiako martxak errepikatuz. Eskolatik atera eta herrian barna ibiliko dira ikasle eta irakasleak, gehitzen diren guraso eta aiton-amonekin batera, giroa alaitzen. Txokolate beroa izango dute udaletxeko karrapen indarrak berreskuratzeko guraso elkartekoen eskutik.

Hurrengo egunean, larunbata, arratsaldeko 14:00etan Aurrera elkartean bazkaria izanen da. Ondoren, 16:00ak aldera eskean hasiko dira herriko etxeetan. Ihoteei hasiera emateko lehen hitzordua izango da leitzarrentzat. Goizaldera berriz, 01:00ak aldera, kalejira eginen da plazatik Atekabeltzera. Ondoren, karaokea iragarrita dago bertan.

Desfilea igandean

Ihoteetako lehen gaua luzea izango da batzuentzat. Seguruena, desfilean parte hartzeko edo ikusteko aukera izango dute. Izan ere, eguerdiko 12:00etarako iragarrita dago mozorro eta gurdien kalejira, Incansables txaranga lagun dutelarik. Imajinazioa eta umorea ez dira faltako aurtengoan ere.

Arratsaldeko 14:30ean berriz, atsauretuek bazkaria izango dute eskolako jangelan eta iluntzeko 19:00etatik gaueko 23:00ak arte Joxe Mendizabalen musikaz gozatzeko aukera izanen dute. Eguerdiko 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara txu-txu trena herrian barna ibiliko da umeen gozamenerako.

Eskea 29 eta 30ean

Astelehenean, hilak 29, goizeko 09:00etan gazteak elkartuko dira Aurrera parean Gorriztaran, Arkixkil, Sakulu eta Erreka auzoetara eskean joateko hitzodua jarri dute. Arratsaldeko 17:00 umeen kalejira izanen da herrian. Ondoren txokolatada eta goxokiak banatuko dizkiete. 19:00etatik gaueko 23:00etara Joxe Mendizabalen musika emanaldia izanen da.

Asteartean, goizeko 9:30ean mozorroak Erasote auzora joanen dira, eskean. 11:00etatik 13:00etara puzgarriak eta jokoak izango dira frontoian.14:00etan Aurrerako bazkideen bazkaria izango da eta atsaureek Sagastin bazkalduko dute.

Arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara puzgarriak antolatu dituzte frontoian. 18:30ean Atsaureen kalejira izanen da. Ondoren, 19:30etik 21:30era eta 23:30etik 01:30era bitarte, Gabezin taldearekin musikak girotuko du herria.

Asteazkenean, arratsaldeko 17:00etan umeentzako 'Kalean otso etxean uso' ikuskizuna, zineman.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos