Astotxo egunerako prest

'Egiptorako ihesa' antzezten, iazko irudian/J. M. Lopez
'Egiptorako ihesa' antzezten, iazko irudian / J. M. Lopez

Aurten ere 'Egiptorako Ihesa' antzeztuko dute eta Enkarterri asto lehiaketa izango da, 1652. urtean jatorria duen jai egunean

DV

Lazkaoko urteko lehen zita nagusia izaten da Astotxo Eguna, Errege egunaren edo Epifaniaren ondorengo igandean ospatzen dena, bihar hain zuzen. 1652. urtean du jatorria jai honek, Zistetar komentuaren inguruan, eta aurten ere bere jarraipena izango du festak.

Azken 30 urte hauetan bezala, 'Egiptorako ihesa' antzezlana Lazkao Txiki Zelaian izango da, eta aurten ere 150 herritar inguruk parte hartuko du Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren antzezpenean. Ohi bezala, Zawopi elkartea arduratuko da antzezpenaz. Infantodoko dukearen jauregia Herodesen jauregi bihurtuko da beste urte batez, eta Lazkaoko gune historikoa, Judea. Antzezpenean Herodesek, Errege izateko jaio den haur baten berri jasoko du, eta agintea galduko duenaren kezkaz, bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindua emango du dekretu baten bidez. Joseri eta Mariari aingeru batek emango die erabaki honen berri, eta ihes egiteko aholkatuko die. Ihesaldi honetan Belengo herria izango dute gordeleku, Herodesek bere dekretua bete arazten duen bitartean.

Aurretik, 'Astotxo Txiki' antzezpena egingo dute haurrek, Beneditarren monasterio paretik Lazkao Txiki Zelaira, desfilean. Urtero bezala, Zistetarren komentuko Presbiterioan Jesusen familiaren Egiptoko ihesaren irudiak ikusi ahalko dira eta olata salmenta ere egongo da.

Enkarterrri arrazako astoen lehiaketa

Azken 19 urteetan bezala, Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa eta kalifikazio ofiziala ere egingo dira igandean Lazkaon. Enkarterri arrazako astoen Gipuzkoako lehiaketa plazan izango da. 100 asto inguru lehiatuko dira, eta epaimahai bat arduratuko da astoak Enkarterri arraza autoktonokoak diren baieztatzeaz, ondoren ziurtagiriak banatzeko. Eguerdi aldera ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egingo dute.

Enkarterri arrazako astoak garaiera txikikoak dira (nekez gainditzen dituzte 120 zentimetro), tamainaz proportzionatuak eta orekatuak. Azal kolore beltza edo gaztain kolorekoa izaten dute, eta batzuek marra beltz bat izaten dute eskalpulan eta besapeetan.

Hurrengoa da egitaraua:

- 10:00 : Asto diana.

- 11:00 : Meza nagusia Zistetarren komentuan.

- 12:00 : Gipuzkoako XIX. Enkarterri asto lehiaketa.

- 12:30 : “Astotxo txiki” kale antzezpena.

- 13:00 : Egiptorako ihesaren kale antzezpena.

Goizean zehar gurdi ibiltariak egongo dira, salda banatuko da eta trikitilariek eta txistulariek emanaldiak egingo dituzte herrian zehar.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos