Asteburu honetan ezagutuko dira VI. Antton Pebeteko finalerdietako protagonistak

Arrieta-Zezeaga eta Exposito-Telletxea ageri dira faborito gisa, gaur, 19:00etan

IMANOL ARRATIBEL AMASA-VILLABONA.

Faborito izateak ez du 22 tantora iristea bermatzen. Ongi dakite hori pilotariek. Gaur, 19:00etan hasita, final laurdenetako bi partida ikusgarri jokatuko dira Villabonako Behar Zana pilotalekuan, eta bertan, erabakiko dira hilaren 23ko final erdietan jokatuko dutenen izenak. Partida hauen aurretik, Behar Zana talde antolatzaileko pilotari den Eñaut Aranburuk infantilak Gipuzkoako txapelketako ekialdeko final laurdenekoak jokatuko ditu buruz-buru eta lau eta erdia barruan 18:15ean hasita.

«Lehen partidan, hasierako hautaketan ez zeuden bi pilotarik jokatuko dute, eta ez mailarik ez dutelako. Pilotari on askoren artean egin behar da aipaturiko lehen hautaketa, eta zaila izaten da antola-tzaileentzat lan hau». , azaldu Iñaki Lizaso Behar Zanako elkarteko kideak. «Aukera bikaina dute, beraz, Ioritz Egiguren Tolosako aurrelari gazteak eta Markel Lizeaga hernaniar atzelari indartsuak. Bikote berria osatuko dute. Freskoa eta txispa bizikoa». Beraien aurkariak Arrieta hernaniarra eta Zezeaga bergararra izango dira, azken hau Zezeaga pilotari profesional ohiaren semea. «Halako egurra, halako ezpala. Azken hauek, 22-8ko emaitzaz erraz irabazi zuten beraien final zortzireneko partida Zubiria eta Eskirozen aurka, atzean zein aurrean aurkariak baina gehiago izan baitziren. Hasieran aipatu bezala, faborito gisa ageri dira Arrieta eta Zezeaga baina pilota borobila denez, eta partidak 22ra, edozer gerta liteke; Ioritz Egiguren joko puntu oso onean baitago eta bere maila erakusteko irrikan irtengo da Bear Zanako kantxara. Lizeaga berriz, eliteko partidak jokatzeko gose etorriko da Villabonara. Beraz, partida irekia eta erakargarria izango da lehena», dio Lizasok.

Bigarren partida ez da nolanahikoa izango. «Aurrean bi pilotari elektriko eta bizik jokatuko dute. Fase buru Exposito astigarragarra eta Telletxea Albizturkoa. Biek badakite zer den Antton Pebet oroimenezkoan jokatzea. Eta nagusi mailan txapela irabaztea zer den ere bai. Telletxeak txapela etxera eramana du lehen ere, eta berriro irabaztera etorriko da Villabonara. Laguntza ezin hobea izango du aurrean. Pilotari elektrikoa izango du lagun, aire joko ona eta indartsua duena. Pilota kantxa barruan sartzen badu, pilotari oso arriskutsua da Exposito. Telletxea bera, inguruan ezagutzen dute pilotazaleek. Ezker elegante eta bikaina du eta maila bikainean jarraitzen du azken hilabeteetan bezalaxe».

Beraien aurkariak Prieto bizkaitarra eta Mariezkurrena II. nafarra izango dira. Prietok, Eneko Labaka ordezkatuko du. «Ez du aurrelari txarragoa izango Mariezkurrena gazteak. Zubizarreta bezalako izen handiko pilotariak irabazita dator Villabonara Prieto. Aurrelari azkarra da, aireko jokoa oso ongi menperatzen duena eta tantoa azkar bukatzea gustuko duena. Atzetik, Mariezkurrena II, bi beso luzedun etorkizun handiko atzelaria. Pilota oso egoki luzatzen du eta gero eta gutxiago galdu. Partida hau ere oso irekia ageri da nahiz eta lehenak faborito ageri diren».

Bi partida hauetako irabazleek hilaren 23an jokatuko dute final erdietako partida. Pasa den abenduaren 5ean jokatu ziren beste final laurdeneko partidak. Batetik, Urbieta eta Aranguren sailkatu ziren Alberdi eta Gorrotxategi mendean hartuta eta bestetik Salaberria eta Garmendia pasa ziren 23ko azken aurreneko fasera Urmeneta eta Urruzolari irabazita. Hala, hilaren 23ko lehen partida Urbieta-Aranguren & Salaberria-Garmendia izango da eta bigarrena asteburu honetan erabakiko da.

Gaur, aukera paregabea izango da pilota partida ederrez gozatzeko eta doan betilez, sarrerarik ez baita izango. Horren ordez, eta borondatez, pilotazaleek saski eder baten zozketan parte hartzeko aukera izango baitute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos