Aste Kulturalerako egitarau zabala prestatu du Udalak

S.O. MUTILOA.

Bihar hasiko dugun astean mutiloarrek Aste Kulturala ospatuko dute; Udalak asteartetik igandera bitarte ekin-tza desberdinak antolatu ditu. Asteartean, Txerri-Gorri elkartean 19:00etan, Ostatuko Iker eta Iñakik sukaldaritzari tartea eskainiko diote. Jakoba Errekondo izango da udaletxeko ganbaran asteazkenean. Ostiralean, haurren txanda da; 17:00etan Ludotekan haur jolasak egongo dira.

Egun berean, udaletxeko ganbaran 18:30ean, Joseba Iztueta berak egindako mendi ibilaldien inguruan arituko da. Ondoren, 20:00etan, Txerri-Gorri elkartean Ardo kata Tomas Bosquerekin. Honetarako komenigarria da aurrez izena ematea.

Larunbatean, elkartean, kantu afaria Kuxkuxtu Txarangarekin (aurrez izena eman behar da). Igandean, Euskararen egunean, Euskararen aldeko adierazpenak jasotzeko panela jarriko da plazan eta, 19:30ak aldera, gaztainak jateko aukera egongo da.

Ikastaroak

Ikasturte honetarako Mutiloan eta Zerainen ikastaro ezberdinak antolatu dira: Zeraingo kultur etxean, Euskera, astelehena, asteazkena eta ostirala 10:00etatik 12:00etara; Yoga, asteartetan 17:30etatik 19:00etara; Zumba, asteazkenetan 20:00etatik 21:00etara.

Zerainen, Kath irakasleak gantxilloko ikastaroa emateko aukera adierazi omen du; nahi duenak izena eman dezake eta ondoren klaseak hasiko lirateke.

Bestalde, Mutiloan udaletxeko ganbaran dagoeneko martxan dagoen gimnasiako ikastaroan oraindik tokia dago. Astearte eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara izaten da.

Edozein ikastarotan izena emateko bi herrietako udaletxeetan izena eman daiteke (Mutiloa 943800450; Zerain 943801724).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos