Arkuen misterioa argitzen saiatu zen Alberto Gonzalez

Alberto Gonzalezek Aralarko arkuei buruzko hitzaldia eskaini zuen./
Alberto Gonzalezek Aralarko arkuei buruzko hitzaldia eskaini zuen.

YARZA AMEZKETA.

Aralarren ehunka arkue daude, jada erabilpenik gabe eta horiek ikertzen aritu da Alberto Gonzalez urte luzez, bakoitzaren kokapena, tamaina eta neurriak hartuz. «Etxeko ikerketa» horretan lortutako emaitzak eta sortutako hipotesiak aurkeztu zituen Kultur Etxean, izan ere, berak azaldu bezala, gehiago sakontzeko artxiboetara joan beharko luke eta berak mendian ikertzea du gustukoen.

Arkuek Aralarren dauden eraikin zirkularrak dira, harri lehorrez eginak eta kupula hegodunarekin. Zaila da beren eraikitze urtea zein den jakitea, nahiz eta kasu batzuetan ezagutzen diren. Funtsean artzainen txabolak dira, «denetarako» balio edo erabiltzen zirenak: bizitoki, animalientzako ikuilu, biltegi, ehiza postu, eta abar. Aralarrekoak gertukoenak izanik, penintsula guztian mota honetako eraikinak daudela aitortu zuen, leku bakoitzean bere izenarekin. Aralarren nafar aldean daude gehienak, baita handienak ere.

Bere eraikitzea klima aldaketarekin erlazionatu zuen. Izan ere, lehenago ere baziren txabolak, Erdi Aroan, baina laukiak ziren eta ondoren etorri zen tenperaturen hoztearekin elurraren pisuarekin suntsitu egiten ziren neguan. Forma borobilak eta kupulak hori eragozten laguntzen zuen. Gonzalezen kalkuluen arabera zaharrenak duela 300 urte eraiki ziren, nahiz eta badauden 60 urte dituztenak ere. Gaur egun ez dute erabilpenik eta asko erortzen hasiak dira.

Gaur 'Gutik Zura' dokumentala

Kultur Astea aurrera doa eta gaur arratsaldean Gutik Zura dokumentala aurkeztuko du Kultur Etxean Jon Maia zuzendariak. Proiekzioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da.

Fotos

Vídeos