Argazki rallyan izena emateko epea ireki da

YARZA ALTZO.

Lehengo urteko emaitza ikusita, Kultura batzordeak II. Argazki Rallya antolatu du aurten, igande honetan, hilak 26an, egingo dena. Nahi duten argazkilari ez profesional guztiek parte hartu ahal izango dute, bi maila ezberdinetan, 16 urtetik beherakoak eta 16 urtetik gorakoak. Parte hartu nahi dutenek, ostiralera arte izango dute Udaletxean edo liburutegian izena emateko epea. Rallyko egunean bertan ere izen emateko aukera egongo da irteera baino ordu erdi lehenago. Kamerarekin zein mugikorrarekin atera ahal izango dira argazkiak. Egunean bertan lau gai emango dira irteeran. Parte hartzaile bakoitzak hutsik dagoen memoria-txartela eraman beharko du. Hasieran eta bukaeran kontroleko argazki bana atera beharko da eta horien artean nahi adina argazki atera ahal izango dira 10:00etatik 13:00etara, nahiz eta hogeita hamar soilik deskargatu ahal izango diren rallyaren amaieran.

Argazki horietatik parte hartzaile bakoitzak gai bakoitzeko bi aukeratu beharko ditu eta kultura@altzo.eus helbidera bidali beharko ditu kontroleko bi irudiekin batera. Argazki guztiekin emanaldia eskainiko da udaletxeko balioanitzeko aretoan, eta maila bakoitzeko lehen bi sailkatuek izango dute saria. Argazki sarituak kultur batzordearen esku geratuko dira egoki deritzon lanetan erabiltzeko.

Kalejira musikarien egunean

Musikarien zaindariaren eguna, Xexili deunaren eguna, ospatuko dute gaur Altzoko musikariek. Kalejira egingo dute herrian zehar arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Plazan amaituko dute, guztientzako txokolate beroarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos