Aralar Intxurreko neskek Kopako lehen garaipena lortu dute asteburuan

A. GOIKOETXEA ALEGIA.

Aralar Intxurreko infantilen mailako nesken taldeak Kopako lehen garaipena lortu du pasa berri den asteburuan: Danenaren zelaian 0-1 irabazi zuten alegiarrek eta hiru puntu horiekin sailkapeneko azken postua utzi dute. Laugarrenak dira orain eta beraien aurretik dagoen Ostadarren bisita izango dute asteburuan. Maila berean, mutiletan, txapeldunen fasean ari den taldeak 6-1 galdu zuen Amaikak Baten zelaian. Bosgarren postuan dira une honetan, eta azken sailkatua den Antigua Luberriri egingo diote bisita hurrengo jardunaldian. Kopa jokatzen ari den infantil mutilen taldea ere punturik gabe geratu da asteburuan, Tolosaren aurka 2-0 galdu ostean. Beasainen jokatuko dute hurrengo neurketa.

Erregionalek 5-3 irabazi zuten Urkiren aurkako Kopa partida. Sailkapeneko hirugarren postua berreskuratu dute eta bosgarren dagoen Zarautzen zelaian jokatuko dute asteburuan. Jubeniletan, gizonezkoek 7-1 irabazi zuten An-tzuloaren aurka. Laugarrenak dira hemezortzi punturekin eta beraien aurretik den Hondarribiaren zelaian jokatuko dute asteburuan. Emakumezkoek, ostera, 1-4 galdu zuten Tolosaren aurka. Bederatzigarren jarraitzen dute eta Zumaian jokatuko dute hurrengo partida. Azkenik, kadeteak ere punturik gabe geratu dira pasa den jardunaldian, Euskaldunaren aurka 7-1 galdu ostean. Sailkapeneko seigarren postuan daude zortzi punturekin eta hirugarren dagoen Danenaren bisita jasoko dute asteburuan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos