Amezketako San Bartolome jaiak bihartik igandera arte ospatuko dira

Izer eta Alabier bihar arituko dira Amezketan. / YARZA
Izer eta Alabier bihar arituko dira Amezketan. / YARZA

Jaien hasiera ofiziala 20:30ean izango da Euliaren jaitsiera eta agurrarekin

NÚÑEZ AMEZKETA.

San Bartolome jaiak bihar hasiko dira herrian. Haurren egunarekin hasiko dira abuztuaren 23an. Goizez eta arratsaldez puzgarriak eta jolasak egongo dira eskolan. Haurrek bazkaria izango dute Zazpi-Iturri elkartean eta arratsaldeko saioari amaiera emateko 18:00ak aldera txokolate beroa banatuko da guztientzat. Ordu bete geroago, hau da 19:00etan, buruhandi eta txistulariekin kalejira egingo da.

Euliaren jaitsiera

Jaien hasiera ofiziala 20:30ean izango da, Euliaren jaitsiera eta agurrarekin, eta segidan zahagi-ardoa egingo da plazan. Gauean, Izer eta Alabier eta Elustondo anai-arrebekin erromeria goizaldera arte. Atsedenaldian, bingo saioa antolatuko da.

Altuna III eta Merino II Jaka-Rezustaren aurka arituko dira igandean Larrunarri pilotalekuan

Ostegunean, hilaren 24an, San Bartolome egunean, mozorro eguna izango dsa Amezketan. 11:00etan meza nagusia ospatuko da eta eguerdian herri kirol saioa izango da. Ondoren, txakolin dastaketa egingo da. Arratsaldean, 16:00etan XII. Mus Txapelketari hasiera emango zaio eta 20:00etan mozorro lehiaketako sariak banatuko dira. 22:30ean Altuna anaien bertso saioa egongo da frontoian eta 23:30etik aurrera, Xarma taldearekin erromeria goizaldera arte. Atsedenaldian bingo saioa antolatuko da.

Kuadrillen eguna

Hurrengo egunean, ostiralean, kuadrillen eguna izango da eta 10:00etan XVII. Pilota Txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dira frontoi zaharrean. 14:30ean kuadrillen bazkaria egingo da eta, jada iluntzean, 21:00etan sagardoa txiritik eskainiko da. Gauean, Iratzar taldearekin erromeria 23:00etatik aurrera, eta atsedenaldian bingo saioa.

Larunbata Eulia agurtzeko eguna izango da. Eguerdian herriko haurren eta gaztetxoen herri kirol saioa antolatuko da. 13:30ean patata tortilla lehiaketa egingo da eta ondoren sariak banatuko dira. 20:30ean sagardo dastaketa egingo da plazan eta 23:30etik aurrera Fun&Go taldearekin erromeria izango da. Gauerdian Euliaren hileta egingo da eta, ondoren, txekorra zozkatuko da eta azken bingo saioa antolatuko da.

Igandean ere izango da jaia Amezketan. Arratsaldean, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko baitira Larrunarri pilotalekuan 17:00etatik aurrera. Hauek dira jokatuko diren bi partidak: Mendizabal III eta Erostarbe Ugalde eta Tolosaren aurka eta Altuna III - Merino II Jaka - Rezustaren kontra.

Fotos

Vídeos