Altzaga 2030 Iraunkortasun Estrategia diseinatzen

Altzaga herriaren irudia.
/
Altzaga herriaren irudia.

DV ALTZAGA.

Europako zein Euskal Herriko udalerriek jarraituriko filosofiari jarraituz, Altzagako Udalak Tokiko Agenda 21 prozesua berritzeko urratsak ematen ari da. 2004an abiatutako proiektua berritzeko asmoz, 2016 urtearen amaieran, udalerriko plangintza estrategikoa osatzeko bideari ekin zion Elkarrekin 21 aholkularitza taldearen laguntzarekin.

Altzaga 2030 Iraunkortasunerako Estrategiak udalerriko iraunkortasuna eta, funtsean, herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Horretarako herritarren laguntzarekin, plangintza zehatz bat osatzeko asmoa du Udalak, 2017-2030 urte bitartean herriaren beharrak asetzeko ekintzak zehaztuko dituena.

Herri-plangintza osatzeko lehen urratsa jada burutua dago, hau da: herriko iraunkortasun diagnosia osatzea. Dokumentu honen osaketarako, aholkularitza taldearen lanketa teknikoaz gain, herriko hainbat eragileren ekarpenak jasotzeko lan-saioak ere antolatu dira azken hilabeteotan.

Bestetik, irailaren 8an ospatutako herri bileran diagnostiko aurkeztu eta herritarren ekarpenak jasotzeko aukera egon zen 2030 urtera bitarteko plangintza zehazteko lehen urratsa emanez.

Honela, diagnostikoan eta herritarren ekarpenetan oinarrituta 2030 urterako Ekintza-planaren lehen zirriborroa landu du udalak aholkularitzaren laguntzarekin.

Diseinatu berri den Altzagako iraunkortasunaren Ekintza-plan berri hau partekatzeko asmoz, ostiral honetan, hilak 27, 20:00etan, udaletxe azpiko elkartean bilera deitu du Udalak. Saio honen helburua bikoitza da.

Alde batetik Ekintza-plana aurkeztuko da eta, bestetik, herritarren esanetan Ekintza planak jaso beharko lituzkeen ekintzen proposamenak jasoko dira eta 2018rako lehentasun handieneko ekintzak aukeratuko dira.