'Alegia amb Catalunya' egunarekin hasiko dira gaur gaztetxearen 30. urteurreneko ospakizunak

GOIKOETXEA ALEGIA.

Alegiko Gaztetxeak 30 urte beteko ditu abenduan, eta gazteek prest dute dagoeneko hain urtemuga seinalatua ahalik eta ondoen ospatzeko egitarau berezia. Gaur emango diote hasiera egitarau horri, 'Alegia amb Catalunya' egunarekin. 19:00etan hitzaldia eskainiko dute Elizpe zineman Kataluniatik etorritako bi lagunek: Bartzelonako probintzian dagoen Sant Sadurni d'Anoia herrian CUP alderdiko zinegotzia den Jordi Pujol Lizana eta KOP taldeko abeslaria eta aktibista kataluniarra den Juanra ariko dira hizlari lanetan. Hitzaldiaren ostean zahagi-ardoa egingo da plazako arkupeetan eta 22:30ean KOP eta Katez taldeen kontzertuak izango dira gaztetxean (7 euro).

Hortik aurrera, hamaika ekitaldi utziko du gaztetxearen urteurrenak Alegian, besteak beste: azaroaren 24ko artisau garagardoen azoka; abenduaren 1eko Non Servium eta The Guilty Briade taldeen kontzertua; hilaren 16ko egun osoko festa; eta abenduaren 29an urteurreneko ospakizunei amaiera emango dien Willis Drummond eta Polygorn talden kontzertua.

Pilota

Intxurreko kadeteen mailako bikoteak Ilunperen aurka jokatuko du gaur 19:00etan Azpeitian Gipuzkoako txapelketako finalerdia, eta irabazleak Tolosa eta Oiarperen artekoan nagusitzen dena izango du aurkari finalean. Nagusien mailako finalerdia, berriz, Alegiako Elorri pilotalekuan jokatuko dute Intxurrekoek gaur 18:30ean hasiko den jaialdian Hernaniren aurka.

Fotos

Vídeos