Alegi auzoko Madalena jaiak

ARANTZAZU BAZTARRIKA GABIRIA.

Aztiri auzoko festak amaitu eta astebete pasa baino lehen Gabiriako lurren beste muturrean, Alegi auzoan, Madalena jaiak izango dira. Bihar arratsaldean hasita igande goizalderarte Itsaso eta Ormaiztegirekin mugan dagoen auzoa festan murgilduko da.

Ostiral arratsaldean, 19:30etik aurrera sagardo festa egongo da, sagardo dastaketa eta pintxoekin. 21:00etan Dantzaki taldeko kideek salsa, pasodoble eta tangoa zein ongi dantzatzen duten erakutsiko dute, eta ostean afari herrikoia egongo da, plater nagusitzat oilaskoarekin.

Egunarekin amaitzeko eta hurrengoa alaitasunez hasteko gauean Joselua Anayekin dantzaldia egongo da. Hurrengo egunean, ohiturari jarraituz, 12:00etan meza nagusia eta hau bukatzean Ezkio-Itsasoko abesbatzak emanaldi labur bat eskainiko du. Entzuleak elizatik irtetzerako berriz Gabiriako Goruntz dantza taldeko kideak zain edukiko dituzte beraien ekitaldia egiteko; gero hamaiketakoa egongo da.

16:30ean umeak saltoka-saltoka ibiltzeko puzgarriak egongo dira, eta helduxeagoentzako 19:30ean cava dastaketa eta afal ostean baita gin tonic dastaketa ere, biak Itsasoko Ostatuko Manu Hernandezen eskutik.

Bukatzeko, Guri5! taldeko gaztek iluntzean eta gauean emango dituzten emanaldiekin agurtuko dira aurtengoz Alegiko Madalenak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos