Aldundiak Villabonako hainbat errepide zati udal titularitatera pasatzea aurreikusten du

Villabonako alkate Maite Izagirre eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide.

Bileran, Sacem enpresako zubiaren berritze beharraz hitz egin dute bi erakundeek, eta azterketa bat egingo dela aurreratu du Aldundiak

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide eta Villabonako alkate Maite Izagirrek bilera izan dute, herrian, azpieguturei dagokienez, dituzten beharrak ezagutzeko. Gaur egun, Aldundiak aurreikusten du bere titularitatean dauden errepide batzuk udalaren esku uztea. Bileran, Sacem enpresako zubiaren berritze beharrez ere hitz egin dute bi erakundeek.

Izagirre alkateak esker oneko hitzak izan ditu Foru Aldundiarentzat, eta orain arte egindako lanak goraipatu ditu. "Herriak segurtasunean asko irabazi du; aurrez zegoen oinezkoentzako pasabide goratua kendu zenean, bertan utzi zituzten hormigoizko euskarriak. Arrisku hori kentzeak onura ekarri dio herritarren segurtasunari", azpimarratu du.

Bide Azpiegituretako diputatuak, bere aldetik, aurreratu du Villabonako zeharkalearen titulartasun aldaketa aztertzen ari dela. "Orain arte Aldundiak izan du haren jabetza, baina, garai batean ez bezala, gaur egun, N-1 errepideak trafikoak herritik ateratzen ditu eta zeharkale hori herritarrentzat da bakarrik", adierazi du Oiarbidek, eta gehitu du, jabetza aldaketa egin aurretik, errepideari hainbat hobekuntza egingo zaizkiola.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren titularitea duten GI-4751 eta GI-4752 errepideez gain, Legarreta auzora doan errepidea ere udalaren esku uztea aztertzen ari da Aldundia, eta errepide horretan dagoen Sacemeko zubia ere hizpide izan dute gaurko bileran bi erakundeek. Zubi hori zabaldu beharra azaldu dio Izagirre alkateak Bide Azpiegituretako diputatuari, eta horrek adierazi du oso kontuan izango dutela eskaera: "Gure enpresak bultzatzeko eta haietara iristeko bitartekoak ere jarri egin behar dira, eta, bideak egoera onean edukitzearen garrantziaz jakitun gara. Villabonako Sacemeko zubiak berritzea eskatzen du, eta aukera hori aztertuko dugu", adierazi du Aintzane Oiarbidek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos