San Agustin jaiak datorren ostiralean hasiko dira

YARZA BERROBI.

Berrobin dena prest dago San Agustin jaiei hasiera emateko. Datorren ostiralean, abuztuaren 25ean, botako da jaien hasierako txupinazoa eguerdian. Egitaraua, hala ere, 9:00etan hasiko da Ibinera egingo den mendi itzuliarekin. 'Herri txiki infernu handi' telebista saioan parte hartu zuten herritarrak izango dira txupinazoa botako dutenak. Ondoren, buruhandiak aterako dira eta 12:30ean meza izango da San Andres elizan. 13:15ean toka txapelketa antolatuko da Eliz-Gainen eta ondoren, 14:00etan mokadutxoa eskainiko da jubilatuentzako. Ondoren, dantzaldia izango dute Solastokin. 16:30ean haurren eta gazteen herri kirol erakustaldia izango da. 19:30ean trikipoteoa egingo da eta 21:00etan herri afaria eskolako estalpean. Gaueko 00:30ean Obaneuke taldearen kontzertua hasiko da.

Larunbatean, 9:00etan goiz eresia eskainiko dute trikitilariek herrian zehar eta 11:00etan Gorritiren ikuskizuna izango da plazan. 14:00etan paella lehiaketa egingo da eskolako estalpean eta 14:30ean Bide-Ona elkarteko kideen bazkaria. Bazkalondoren, aurpegia margotzeko aukera izango dute haurrek eta gaztetxoek eta 18:30ean BerroBingo jolasa izango da. 22:30ean pilota partidak jokatuko dira pilotalekuan eta jarraian Krakobia taldearen kontzertua. Goizeko ordubatean zumba saioa izango da 'El Conquistador del fin del mundo' saioko Ismaelen eskutik. Ondoren, mozorro lehiaketa egingo da, aurtengo gaia hippyak izango da.

Igandean, meza izango da 10:45ean, eta goiz guztian haurrentzako eta gaztetxoentzako puzgarriak egongo dira. 17:30ean, apar-festa egingo da. Ondoren, Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du. 22:00etan Carlos Javier eta Latin Dziadeken eskutik musika emanaldia izango da.

Astelehenean, abuztuaren 28an, San Agustin eguna ospatuko dute Berrobin. Goizeko 11:30ean meza ospatuko da elizan eta ondoren, 12:30ean trikitilari gazteen txapelketa egingo da.

Fotos

Vídeos