San Adrian igarolekuaren historia antzeztua

San Adrian igarolekuaren historia antzeztuko dute

Urrup antzerki taldearen eskutik egingo da bigarren aldiz igandean, uztailak 2, Aizkorriko Lagunen Egunarekin batera

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Zegamako Udalak eta Anduetza Parketxeak elkarlanean, San Adrian igarolekuaren historia antzeztua antolatu dute Urrup antzerki taldearen eskutik. Antzezpena uztailaren 2an izango da, igandean, Zegamako herriak Aizkorriko Lagunen Eguna ospatzen duen egunean bertan. Antzezpen honen bitartez, Aizkorriko bidean harkaiztia zeharkatzeko ezinbestekoa den igarobidearen historia ezagutzera emango da. Harrigarria bada ere, UNESCO-k gizateriaren ondare izendatu duen gune hau, Euskal Herriko mapan garrantzi handiko pasabide estrategikoa izan da garaiz garai.

Hitzordua uztailaren 2an goizeko 10:30etan izango da Aldaola aparkalekuan, Otzaurtetik 4km-tara. Ondoren, San Adrian igarolekura gida batekin oinez joango dira bisitariak. Mendi-ibilaldi erraza honetan, gidak San Adrian igarolekuaren historiaren azalpenak emango ditu. Antzezpena 11:15etan izango da eta ikuskizuna dohainik izango da.

Eskarmentu handiko Urrup antzerki talde honek, bigarren aldiz Aizkorri-Aratz natura parkea antzoki bihurtuko du. Urrup antzerki taldeak, Goierri eskualdean eta Gipuzkoan zehar urteak daramatzate ikuskizunak sortzen eta antzezten.

Biztanle ugari izan ditu historian zehar koba berezi honek. Batzuk, bere barnean bizi izan dira, beste batzuk bertatik igaro izan dira errege bidetik oinez... Pertsonaia guzti hauen bizipenak antzeztuko dira San Adrian igarolekuan, bertatik bertara eta kobak eskaintzen duen giro misteriotsuan iraganera salto egingo da.

San Adrian igarolekuaren historia antzeztu honetan, besteak beste, historiaurreko gizakia, erdi aroko errege-erregina eta printzesa, lapurrak, artzaina, erromesa eta apaiza izango dira pertsonai moduan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos