Abuztuan hiru esperientziaz gozatzeko aukera museoan

Paisaiatik mahaira, Baratzeko sekretuak eta Igartubeitira zentzumen bidaia dira hiru esperientzia berriak

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Denboran zehar bidaiatu eta XVI. mendeko bizimodua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digu urtean zehar Igartubeitik, baserria eta interpretazio zentroa bisitatu ondoren, bertako produktuak dastatzearekin batera. Eta honekin batera ere ekintza eta eskaintza desberdinak zabaltzen dira urtean zehar, familia, talde edo bakarkako bisitarientzat, hauetariko bat abuztuan zehar egongo diren hiru esperientziak kokatzen direlarik.

Bost zentzumenen bitartez, hiru bisita berezietaz gozatzeko aukera ematen digute museokoek, beti ere hauek aurrera eramateko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa delarik. 'Paisaiatik mahaira' da lehenengo aukera, honetan bertako elikagaien dastaketa egiteko aukera izango dugularik: Goierriko sagardoa, Euskal sagardoa eta Gorenak sagardoa, sagar zukua, Idiazabal gazta ketua eta ketu gabea, baserriko ogia, irasagarra, eztia eta artisau gailetak ere egongo dira. Esperientzia honen prezioa 4 eurokoa izango da helduentzat eta 2 euro haurrak.

Bigarrenik, 'Baratzeko sekretuak' dute, honetan gidatutako ibilaldia aurrera eramaten delarik. Baserri mundua ezagutu daiteke esperien-tzia honen bitartez, bere inguruneko landareen, zuhaixken eta zuhaitzak ezagutuz. «Guztiak betetzen dute bere funtzioa Igartubeitin, esperientzia honen bitartez, beraien sekretuak deskubritu itzazu», diote museokoek. Esperientzi hau doakoa da. Azkenik, hirugarren aukera gisa 'Igartubeitira, XVI. mendeko baserri batera zentzumen bidaia' dugu. «Egun batez alkimista tipi bat bihurtu zaitez. Zure zentzumenak proban ipini itzazu. Zure eta senideen larrurako bereziak diren xaboi naturalak egin itzazu... Utzi zure zentzumenek gida zaitzaten, eraldatu, esperimentatu! Gainera XVI. mendeko baserri bateko bizimodua esperimentatu ahal izango duzu interpretazio zentroko eta baserriko bisitan. Amaitzeko landa inguruneko zapore ezberdinak dastatzen amaituko duzu baserriko atarian», azaltzen dute. Esperientzia honen prezioa 15 euro da helduentzat, eta 5 euro haurrak; taldeak, jubilatuak eta gazteak 10 euro ordainduko dituzte.

Hilabete osoa dago aurretik eta hiru esperientzia hauetako batean parte hartu nahi izanez gero aurretik museora deitu besterik ez da egin behar erreserba egiteko, 943 72 29 78 telefono zenbakira edo igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera idatziz.

Fotos

Vídeos