Abian da Teodoro Hernandorena XVI. Ipuin Lehiaketa

Azaroaren 20ra arteko epea egongo da lanak aurkezteko

I. ARRATIBEL ZIZURKIL.

Zizurkilgo Udaleko Euskara Sailak, Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo jendearen artean idazteko zaletasuna sustatu nahian, Teodoro Hernandorena XVI. Ipuin Lehiaketaren deialdia egiten du. Deialdia honako oinarri hauen arabera arautuko da: Deialdi honen xedea jendearen artean idazteko zaletasuna bultzatzea da eta Andoain, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura, Larraul eta Zizurkilgo herritarrek parte hartu ahal izango dute. Aurkezten diren lanek egile bakarra izan behar dute eta partaide bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake.

Lehiaketa hiru mailetan banatuko da: A Maila: 6-8 urtekoena. B Maila: 9-11 urtekoena. E Maila: 17 urtetik gorakoena. Izan ere, aurten Booktrailer Lehiaketa antolatu da lehenengo aldiz DBH1 eta 2 eta DBH3 eta 4ko ikasleentzat, eta, hortaz, aurten maila horiek Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketatik kanpo geratu dira. Gaia librea izango da eta erabili beharreko hizkuntza euskara.

Lanen luzera honako hau izango da: A Maila: orrialde 1. B Maila: 2 orrialde. E Maila: gutxienez 5 eta gehienez 12 orrialde. Kasu guztietan DIN A-4 neurrian aurkeztuko dira eta makinaz edo ordenadorez idatzita. Lan bakoitzaren bi kopia entregatu beharko dira azaroaren 20a bitartean, egun hau barne, eguerdiko 14:00ak baino lehenago Zizurkilgo Udaletxean edo Udal Bulegoetan. Izenburuaren alboan, egilearen izengoitia eta adina jarri beharko dira, egilearen nortasuna gordetzeko. Lanekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da. Gutun-azalaren barnealdean lanaren egilearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa eta adina jarriko dira. Gutun-azalaren kanpoaldean, berriz, lanaren izenburu berbera eta egilearen adina soil soilik.

Sari ugari

Banatuko diren sariak maila bakoitzerako honakoak izango dira: A Maila: 1. Saria: Oparia. 2. Saria: Oparia. B Maila: 1. Saria: Oparia. 2. Saria: Oparia. E Maila: 1. Saria: 450 euro. 2. Saria: Oparia. Epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zein diren. Zizurkilgo Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian eta idazkari bat ere izendatuko da. Sariak eman gabe utz daitezke Epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek behar adina kalitaterik ez badute. Lan sarituak Udalaren esku geldituko dira, eta egoki iritziz gero argitaratu egingo ditu, baina ez da horregatik jabetza eskubiderik izango. Horretarako, saritutako lanen jabeek ipuinaren disketea entregatu beharko dute saria jasotzeko egunean. Sarituak izan ez diren lanak urtarrilaren 8tik 29ra jaso ahal izango dira. Sari banaketa, abenduaren 23an egingo da eta baldintza hauetan zalantzarik balego, hautaketa egiten duen epaimahaiaren iritzia izango da nagusi, horren erabakia apelaezina izango delarik.

Fotos

Vídeos