Abian da aurten ere Errigoraren udazkeneko kanpaina, 'Herrilana'

Lazkaotarrek Gerriko liburu-dendan eskatu dezakete Nafarroa hegoaldeko ekoizleen produktuez osatutako saskia, hilaren 14a arte

DV LAZKAO.

Datorren hilaren 14a arte luzatuko da aurtengoan urriaren 26an martxan jarri zen Errigoraren udazkeneko 'Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka' kanpaina, aurtengoan 'Herrilana' lelopean. Izan ere 'Herrilana ekitea da. Egitea. Eraikitzea', diote. 'Herrilana zubigintza da. Zeharkakotasuna. Aniztasuna. Elkartasuna. Herrilana herria egitea da. Sarea. Lagunartea. Komunitatea.'

Nafarroa hegoaldean, 'euskara ofiziala ez den zonaldean', euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea du helburu kanpaina honek eta, aldi berean, baita bertako nekazaritzari ere, Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatuz.

Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuez osatutako saski bikainak eskainiko dituzte aurten ere horretarako, hainbat nafar ekoizle eta eragileek, elkarlanean, eta bildutako diruaren %25a bideratuko dute euskaraz benetan bizi ahal izateko pausoak ematen jarraitzeko ekimenetara.

Bi saski aukeran

Nafarroa hegoaldeko baratzetako uzta euskarari puzka jartzeko helburuarekin datoz berriro, beraz, Zazpirak Bat harreman sarea, Sortzen, AEK, Ikastolen Elkartea eta Errigora. Azaroaren 14a arte izango da bertako produktuez osatutako saskia, beltza edo zuria, eskatzeko aukera Gerrikon, 50 eurotan.

Saski zuriko edukia zainzuri estra lodiak (Iturri, El Agricultor edo Larrinaga), orburu-bihotzak (Ebron edo Maria Jesus), pikillo piper osoak (El Escolar, Iturri edo El Agricultor), ardo beltz ekologikoa (Azpea, Lezaun, Mendiko edo Bagordi), ozpin ekologikoa (Mendiko edo Lezaun), melokotoia almibarrean (Almanaque), pasta ekologikoa (Martinelli), arroza (El Alcaraván), teilak (El Molinero edo Monasterio de Cascante), patxaran-pastak (Urrutia), molineritoak (El Molinero), tomatea olioarekin (Pedro Luis) eta pikillo piper mamia (Gobeiaberri) izango da.

Saski beltzekoa berriz, zainzuri estra lodiak (Iturri, El Agricultor edo Larrinaga), orburu-bihotzak (Ebron edo Maria Jesus), pikillo piper osoak (El Escolar, Iturri edo El Agricultor), ardo beltz ekologikoa (Azpea, Lezaun, Mendiko edo Bagordi), ozpin ekologikoa (Mendiko edo Lezaun), melokotoia almibarrean (Almanaque), oliba-olio birjina estra (Bardea, Castillo de Ablitas, Ekolo, La casa del aceite edo Biosasun), mahats-zuku ekologikoa (Ekolo), potxak (Maria Jesus), aran-marmelada (Pedro Luis), almendrak (Ablitasgo kooperatiba), kardu ekologikoa (La Churta eta, pikillo saltsa (Maria Jesus) izango da.

Lazkaon, Gerriko liburu-dendan eskatu daiteke saski zuria, saski beltza, edo biak, eta eskaera gauzatzeko unean egin beharko da ordainketa, bakoitzaren datuak erraztearekin batera (izen-abizenak, telefono edota helbide elektronikoa, eta eskatutako saski kopurua).

Fotos

Vídeos