Diario Vasco

Erromeriarekin amaitu ziren Anoetako Korputs jaiak

Tio Teronen Semeak taldeak dantza ikuskizun bikaina eskaini zuen.
Tio Teronen Semeak taldeak dantza ikuskizun bikaina eskaini zuen. / ARGAZKIAK NÚÑEZ

Anoetako Korputs jaiak bere amaierara iritsi ziren igandean. Goizean pelota txapelketako finalak eta kantu jira izan zen. Arratsaldean, erromeria giroa izan zen herrian. Beroari aurre eginez ikusle ugari elkartu ziren Tio Teronen Semeak taldearen dantza ikuskizunera. Guztiek ederki pasa zuten eta gogoz txalotu zuten dantzari zein musikarien lana. Mus Txapelketa ere jokatu zen Ateaga elkartean eta aurten Antonio Iztueta eta Imanol Sarasola izan ziren garaileak.

Jarraian, Elizagoien ahizpekin erromeria izan zen plazan. Ikusle ugari animatu ziren doinu ezagunekin dantzatzera kukuaren igoera iritsi arte. Kanpaien hotsekin batera igo zen udaletxeko balkoitik kukua kanpandorrera jaiei amaiera emanez.

Ospakizunek datorren asteburuan izango dute jarraipena San Joan, herriko zaindariaren inguruko ekitaldiekin. Ostiralean, San Joan egunaren bezperan buruhandi eta erraldoiak kalejiran aterako dira 18:00etan. Ondoren, herri afaria izango da plazan eta 22:15etan sua piztuko da eta ondoren San Joan zortzikoa dan-tzatuko da eta erromeria egongo da.

Larunbatean, berriz, jubilatuek beren eguna ospatuko dute. 10:00etan haurrentzako krosa egingo da plazan eta ondoren helduentzako Ivan Torresen oroimenezko III. lasterketa antolatuko da. Eguerdian jubilatuen omenezko meza egingo da eta amaiera herriko dantzariek agurra eskainiko diete. Jarraian, bazkaria izango dute.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate