Diario Vasco

Ekimen ugari antolatu dira udaletxeko eraikinaren 100 urteurrenaren harira

Erraldoiak eta musikariak Leitzako udaletxearen aurrekaldean.
Erraldoiak eta musikariak Leitzako udaletxearen aurrekaldean. / DV
  • 1917ko abuztuaren 11n inauguratu zuten garaiko agintari eta herritarrek udaletxe berria

Leitzako Udalak ekimen desberdinak antolatu ditu udaletxeko eraikinaren 100 urteurrena dela eta. «Urteurren hori aprobetxatuz urte osoko egitaraua osatu dugu Leitzako Udaletik» diote. Otsailean hasi eta azarora arte iraunen duen programazioa da esku artean duzun hau. 100 urte hauen aitzakian udala herritarrengana gerturatzea jarri diogu helburu bezala gure buruari. Leitzako altxorrak bildu nahi izan ditugu, eta lan horretan ere auzolana bultzatu dugu. Azkenik Leitzako memoria liburu batean bildu eta herritarren esku jartzea izan da gure asmo nagusia.

Dagoeneko buru belarri dabiltza antolatutako ekimen horietako bat argazki erakusketa iraunkorra izango baita. Bihar erakusketa iraunkorra izango denaren inaugurazioa izanen da. Udaletxetik aditzera eman dutenez, «udaletxe osoa hartuko du eta otsailetik azarora bitarte egonen da ikusgai. Udalak 1915ean onartutako eraikin berriko planoak eta herriko argazki zaharrak egonen dira ikusgai».

Gainera, 'Leitza ezagutu' argazki erakusketa Aieneko garbilekuan antolatu dute, Kultur Aroaren barnean. Bertan, «Leitzako txoko ezberdinetan garai batean eta gaur egun hartutako argazkiekin, Lei-tza nola aldatu den ikusi ahalko da». Guztira 20 argazki egongo dira erakusketan.

'Leitza, argazki zaharretan' liburuaren aurkezpena eta mahai-ingurua ere egingo da Kultur Aroaren barnean. «'Leitza, argazki zaharretan' liburua izango da Leitzako memoria bilduko duen euskarria. Bertan, 1915eko udalak onartutako planoak, udaletxe barruan izandako jarduerak (eskolak, kartzela, ...) eta herriko argazki zaharrak jasoko dira. Nolabait, egitasmo hau borobilduko duena izango da» iragarri dute.

Liburu honetan azalduko diren argazkiak auzolanean bildu dira. Herritarrek 3.000 argazki inguruko ekarpena egin dute. Horien guztien artean aukeraketa lan handi baten ondoren 700 inguru sartu dira liburuan.

Bestalde, bihar ate irekien eguna izango da udaletxean. «Bestelako eta ongi gorde nahi ditugun sorpresez gain, hauek dira antolatu ditugun ekimenak. Espero dugu zuen gustukoak izatea eta oroitzapen politak ekartzea gogora» diote udaletxetik.

Eraikin ikusgarria

«1917ko abuztuaren 11n gertakizun handi bat jazo zen Leitzan. Udaletxe berria inauguratu zuten garai hartako agintari eta herritarrek. Urte bat baino gehiago iraun zuten berrikuntza lanek eta, besteak beste, ezkerraldeko eta eskuinaldeko nabe edo eranskinak gehitu zitzaizkion eraikinari. Ordutik eraikinaren barruan hainbat lan egin diren arren, kanpoaldetik ez du beste aldaketarik izan eta 1917ko egun horretan inauguratu zen bezalaxe ikus dezakegu gaur egun udal eraikina» jaso dute Leitzako udeletxekoek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate