Diario Vasco

Sinagoga izan zen Torre Zarraren maketa egin du Rafa Berasategik

Torre Zarra jauregiaren maketa.
Torre Zarra jauregiaren maketa. / A. E.
  • Judutarrak Seguran 200 urtetan egon ziren; XIV. mendeko eraikina 1971n bota zen

Kale Nagusian zegoen Torre Zarra jauregiaren maketa ikusgai dago Rafa Berasategiren Errastioatza erakustokian. XIV. mendeko eraikina, 1971n bota zen. Judutarren sinagoga izan zen jauregia eta maketa baten bidez irudikatu du Rafak, bide batez juduek Seguran izan zuten 200 urteko historia gaur egunera ekarriaz.

Rafaren arabera, «aspalditik nuen Torre Zarraren maketa egiteko asmoa. Nire gurasoek Erdiko kaleari Judu kalea deitzen zioten. Horrek nahi du esan gure aurrekoen artean transmisio bat egon zela, azken urteetan galdu egin dena. Nire helburua transmisio lan hori egitea da eta Torre Zarrarena orain arte egin dudan bosgarren maketa da, denak Segurako Historia Berreskuratzeko Bidean leloarekin ikusgai daudenak. Hainbat liburu idatzi dira Seguran eta inon ez da jasotzen juduen historia. Judutarrei buruzko agiririk ez dago, nor ziren, izenak... desagertuta daude eta pena da. Nik uste dut herriari prestigio handia ematen zaiola juduen iragana berreskuratuta, beste erlijio bateko jendea egon zela jakinaraziaz».

Judutarrak Seguran 200 urte egon ziren, XIV eta XV. mendeetan. Lau belaunalditan segurarrak izan ziren eta botere handia zuten orduko gizartean Rafaren esanetan, «judutarrak Segurara Gasteiztik ekarri zituzten Gebara familiakoek. Igor Santos Salazar historialariaren lanetan oinarritu naiz juduen bilakaera ezagutzeko eta Gipuzkoan Seguran eta Arrasaten finkatu zirela jasotzen du. Bere datuen arabera, Gasteiz, Agurain, Segura, Arrasate eta Orduña artean 4.300 judutar zeuden 1450. urtean. Segurara Gebaratarren ekonomia eta merkataritza sustatzeko etorri ziren. Zerga biltzaileak izateaz aparte, prestamistak, medikuak eta artisauak ziren gehienak. Torre Zarra zen sinagoga, aljama. Kala Nagusian, egun Kutxa dagoen lekuan zegoen. Garai hartan judutarrek sekulako boterea eta prestigioa zuten. Geroago etorri zen beraien gainbehera, eta Inkisizioaren eraginez bidaliak izan ziren erlijio arrazoiengatik», adierazten du Rafa Berasategik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate