Diario Vasco

450.000 euroko inbertsioa egingo da Iberoko dorrea berreraikitzeko

Leitza eta Goizuetako udal ordezkariak Nafarroako Parlamentukoekin Iberora egindako bisitan.
Leitza eta Goizuetako udal ordezkariak Nafarroako Parlamentukoekin Iberora egindako bisitan.
  • Leitzako eta Goizuetako ordezkariek ingurua bisitatu dute aste honetan Parlamentukoekin batera

450.000 euroko inbertsioa egingo du Nafarroako Gobernuak Iberoko teilatua konpontzeko. Horrela iragarri du Leitzako Udalak «balorazio positiboa» eginez albiste jaso eta gero. Asteazkenean Ibero ingurua bisitatzera hurbildu zen Nafarroako Parlamentuko ordezkaritza. EHBilduko Miren Aranoa eta Dabid Anaut, UPNko Luis Casado eta Cristina Altuna, Geroa Baiko Virginia Aleman, PSNko Guzman Garmendia eta PPNlp Amaya Zarranz, Lei-tzako alkate den Mikel Zabaleta eta Goizuetakoa den Unai Loiarterekin izan ziren bertan. Ostegunean berriz, Fernando Pérez Gómez Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaria ere Iberon egon zen.

Bisitak burutu ondoren, jaso zuten udal ordezkariek Iberoko dorrea berreraikitzeko inbertsioaren albistea. Leitzako Udaletik, albisten honen harira gogoratu nahi izan dute «2006 urtean teilatua erori zen geroztik, asko hondatu dela eraikina. Bisita aprobetxatuz, Leitza eta Goizuetako udalek, Iñaki Sagredo arkeologoak Iberori buruz egindako txostena entregatu zioten Fernando Perez zuzendariari».

Gaineratu dutenez, «oso garran-tzitsua bi udalentzat (Leitzako eta Goizuetako) Erdi-Aroko burdinolak dituen arazoei irtenbidea ematea eta ondare garrantzitsu hau zain-tzea. Horregatik, auzolanean aritu dira bi herrietako ordezkariak, Iñaki Sagredorekin batera, txostenak prestatu, bisitak lotu eta gaia lan-tzen. Bisitaren balorazio oso positiboa egin dute. Asteazkeneko eta osteguneko hitzorduen helburuak ziren Iberoko ondarea ezagutaraztea, dorrearen hondatze maila eta gaur egun duen egoera aditzen ematea, eta berau konpontzeko laguntza eskatzea Nafarroako Gobernuari».

Helburu horiek hein handi batean beteta ikusten dituzte Leitza zein Goizuetako Udalek, izan ere, «Kultura Zuzendariak aditzera eman duenez Nafar Gobernuak Iberoko dorrea berreraikitzeko 450.000 euroko inbertsioa eginen du 2017an. Diru horrekin eraikina bere osotasunean konponduko da».

«Lanak eraikinaren kanpoaldean zein barrualdean eginen dira, hala nola, teilatua konpondu, hormak berritu eta indartu. Gainera, Iberoko burdinolaren historia eta ondarearen garrantzia azalduko duten panelak ere jarriko dira dorrean» azaldu dute.

«Iberon zonaldeko historiaren zati bat eta altxor handi bat dago. Mende askotan inguruko ekonomiarentzat garrantzitsua izan zen burdinola. Eta etorkizunean ere, hala nahiko genuke izatea. Iberoko dorrea eta inguruek ezaugarri bikainak dituzte eskualdearen garapena eta turismo jasangarria bultzatzeko» azpimarratu dute Leitzako udal ordezkariek.

Aipatzekoa da, «Iberoko burdinola XVIII. mendera arte jardunean iraun zuen industriagunea da, eta osorik kontserbatu da, kanpoaldean aldaketa handirik jasan gabe. Erdi Aroko dorrea XIV. mendean eraiki zen, atzera eragiteko elementu gisa, burdin ekoizpena babestearren. Ondoan baserri bat dago. Sarrerako zubia Erdi Aroko begi bakarreko zubi gotikoa da, eta egoera onean dago».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate