Diario Vasco

Def con Dos eta Aski da taldeen kontzertuak bihar gauean gaztetxean

Def con Dos taldeko kideak aurreko kontzertu batean.
Def con Dos taldeko kideak aurreko kontzertu batean. / J.M. LOPEZ

Asteburuan amaituko da Alegiko Gaztetxearen 29. urteurrena ospatzeko antolatutako egitaraua. Def Con Dos eta Aski da taldeek kontzertua eskainiko dute bihar 22:30ean gaztetxean.

Def Con Dos bigarrenez ariko da Alegiko Gaztetxeko taulagainean, 90eko hamarkadan izan baitziren estreinakoz. 1988an sortu zen taldea Vigon, baina Madrilera mugitu ziren laster. Hip hop-a gaztelaniaz egiten aitzindari izan ziren, gerora rap-metal estilora pasatu baziren ere. Alex De La Iglesiaren 'Acción mutante' (1993) eta 'El día de la bestia' (1996) filmetako doinu nagusien egile izateagatik egin ziren ezagun, besteak beste. 2014ko urrian kaleratu zuten euren azken lana, 'Dos Tenores'.

Aski da talde errenteriarra 1992an sortu zen eta metalaren eta hardcore-aren artean koka litekeen estiloa jorratzen du. Agurtu berri dugun urtean kaleratu dute euren azken lana, 'Comienza la acción'.

Biharko kontzertuetarako sarrera 10 euro kostako da.

Belako gaztetxean

29. urteurreneko ekitaldiei amaiera eman eta berehala hasiko dira 30.a burutzen Alegiko Gaztetxean. Izan ere, astebete barru, urtarrilaren 20an, Belako taldeak kontzertua eskainiko du gaztetxean 21:00etan. Aurretik, 19:30ean, egun horretarako bereziki prestatutako 'Beerlako' garagardoa dastatzeko aukera izango da gaztetxean bertan, Blanco Nuclear DJaren konpainian. Mungiako taldearen kontzertuan ostean berriz ere Blancok luzatuko du gaua. Sarrera 7 euro kostako da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate