Diario Vasco
Anari abeslaria.
Anari abeslaria. / DV

Anari eta Lendakaris Muertos gaur eta bihar Alegiko Gaztetxean

  • Sarrerak 6 eurotan erosi ahal izango dira gaur gaztetxean, eta kontzertuaren aurretik, zahagi-ardoa egingo da gaztetxean bertan

Alegiko Gaztetxearen 29. urteurrenak inguruko musikazaleentzako bi hitzordu garrantzitsu dakartza datozen egunetan. Gaur, ostiralarekin, Anarik kontzertua eskainiko du gaueko 22:30ean. Lau musikarik osaturiko taldearekin ariko da oholtzan eta 'Zure Aurrekari Penalak' diskoa borobiltzeko argitaratu berri duen 'Epilogo Bat' lan berriko kantuak entzuteko aukera izango da. Sarrerak 6 eurotan erosi ahal izango dira bihar bertan gaztetxean, eta kontzertuaren aurretik, 21:00etan, zahagi-ardoa egingo da gaztetxean bertan. Ekitaldi hau Alegiko Gaztetxeak eta herriko Kultura batzordeak elkarlanean antolatu dute.

Estiloz erabat aldatuz, Lendakaris muertosen punk doinuek beteko dute etzi gaztetxea. Iruñeko taldeak aurtengo otsailean kaleratu duen 'Cicatriz en la matrix' diskoko kantuak eskainiko ditu, besteak beste. 22:30ean izango da kontzertua eta sarrerak larunbatean bertan gaztetxean erosi ahal izango dira 8 eurotan, baita gaur eta bihar Alegiako Iskiña tabernan ere.

Pilota hitzorduak

Iñaki Artolak eta Jon Ander Albisuk hirugarren urtez jarraian osatuko dute bikotea lehen mailako binakako pilota txapelketan. Iñaki Artolaren hirugarren parte-hartzea izango da txapelketa horretan eta irailaren 12an eskuin ukondoan egin zioten ebakuntzatik osatu osteko lehen partidak izango ditu txapelketakoak. Asteartean egin zuen alegiarrak partida jokatu edo ez erabakitzeko azken proba eta besoak ondo erantzun zionez, gaur bertan lehian izango da. Zuriz janzteko «irrikitan» dagoela adierazi zuen Artolak asteazkenean, pilota aukeraketaren ostean.

Elkarrekin aritu diren aurreko bi urteetan maila ona eman izan dute Artolak eta Albisuk, finalerdietako ligaxkarako txartela lortuz. Aurtengo txapelketako lehen jardunaldian Ezkurdia eta Merino izango dituzte aurkari gaur Zestoan gaueko 22:00etan.

Intxurrekoen partidak

Neurketa erabakiorrak dituzte asteburuan Intxurreko pilotariek. Eskuz binaka, kadeteen hirugarren mailan, Gipuzkoako txapelketako finalerdietako itzulerakoa jokatuko dute Intxurrek eta Txapagainek. Joanekoan 22 eta 8 irabazi zuen Intxurrek eta, beraz, finaletik hurbil dira.

Txapelketa berean, gomazko pilotan, jubenilen lehen mailan, Intxurreko bi bikote elkarren aurka ariko dira finalerako txartel baten bila: Olanok eta Agirrek Bachen eta Ontsaloren aurka jokatuko dute eta irabazleak Su Berri izango du zain finalean. Bigarren mailan, berriz, Intxurreko Aramendi eta Esnaola finalerako zuzenean sailkatu dira ligaxka lehen postuan amaitu ostean. Final horretan izateko helburuarekin lehiatuko dira Intxurreko Zhang eta Agirre Bergarako bikotearen aurka.

Paletako bi partida horiek gaur bertan jokatuko dira Elorri pilotalekuan 18:30ean hasiko den jaialdian. Hasteko, alebinen mailako bi partida izango dira. Ondoren, aipaturiko bi finalerdi horiek jokatuko dira eta eskuz banaka nagusien ligaxkako partida batek itxiko du jaialdia: Arrutik Zazpi Iturriko Mendia izango du aurkari.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate