Diario Vasco

Gaur emango zaie hasiera Ander Deuna zaindariaren jaiei

  • XXX. Odolki lehiaketa igandean izango da

Gaur emango zaie hasiera aurtengo Ander Deuna zaindariaren herriko jai nagusiei programa honekin. Arratsaldeko 16:00etan mus txapelketa jokatuko da 8 erregetara, jubilatuen elkartean. 16:15etan umeen kalejira izango da kiroldegitik herriko enparantzara. Ondoren umeentzako merienda, muxika egurastokian. 18:30ean Ormaiztegiko dantza moderno eskolako ikasleen erakustaldia, muxika egurastokian eta 19:00etan ikurriña altxatzea, suzirien jaurtiketa eta zapia jartzea.

Jarraian buruhandiak eta Jundajo txarangak alaituriko giroa herriko kaleetan zehar. 19:30ean umeen-tzako disko festa, Dj Tirapurekin, muxika egurastokian. 23:30ean Gureran, Ziribulio sound eta Stepi selekta taldeen kontzertuak, gazteek antolatuta, txosnetan.

Odolki lehiaketa

Antolatutako ekitaldien artean nabarmentzeko da Ormaiztegiko XXX. odolki lehiaketa. Herriko jaien baitan odolki lehiaketak protagonismo handia izan ohi du urtero eta aurtengoan ere horrela izango da. Gainera dagoeneko odolki lehiaketaren 30. edizioa ospatuko da.

Odolkiaren eguna igandean izango da, azaroak 27. Goiz osoan zehar hainbat lehiaketa eta erakusketa burutuko dira, beti ere odolkia izango delarik lekukorik garrantzitsuena. 11:00etatik 14:00etara bitartean herriko enparantzan gauzatuko dira ekitaldi guztiak. Ardoa dastatzeko aukera ere izango da, Zumalakarregi kaleko karpan. Baita ere, artisau produktu gastronomikoen azoka izango da. Mutiloako Txerri Gorri Elkarteko kideen eskutik odolkiak egiteko prozesua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Ormaiztegiko XXX. odolki lehiaketaz gain, XIX. odolki osagaien azoka eta lehiaketa eta Ormaiztegiko odolkia osagaitzat duten plateren XV. sukaldaritza lehiaketa ere ospatuko dira. Lehiaketa guztien amaieran Ormaiztegiko odolkia dasta-tzeko aukera izango da aurtengoan Baso-Txulo elkartearen laguntzarekin.

Omenaldiak

Odolkia osagai bezala harturik burutuko diren lehiaketa eta ekintzez gain bi omenaldi esanguratsu ere burutuko dira igandean. Bata, Busca Isusi gogora ekarriz berari eskainiko zaion omenaldia. Hain zuzen, 2016. urtean, Busca Isusiren jaiotzaren 100. urteurrena bete baita. Omenaldi honetan Ramon Roteta sukaldariaren partaidetza izango da.

Bestetik herrian gozotegia jarri eta herritarron zerbitzura dena emanez lan egin zuen Ane Mujika gozogileari ere merezimendu osoko omenaldia eskainiko zaio. Zoritxarrez bapatean bera agurtu beharrak saminduta utzi gintuenetik, berarekiko oroitzapenak bizi bizirik diraute herritarron artean. Omenaldi honetan Juan Jose Lapitz sukaldaritza arloko adituaren partaidetza izango da.

XV. Sukaldaritza lehiaketa

Lehiaketan parte hartzeko ondorengo baldintzak kontuan izan behar dira. Herritarrek parte hartu ahal izango dute, platera igandean bertan 11:00etarako lehiaketa gunean aurkeztu behar da. Partaideei dieta emango zaie platera prestatzen izandako gastuei aurre egiteko. Lehenengo saria eta aurkezpen onenaren saria banatuko dira.

XIX. Odolki osagaien azoka

Nekazari legeztatuek parte hartu ahal izango dute. Baserritarrek ondorengo produktuekin parte hartu ahal dezakete, porru, tipula, perrexila eta oreganoa. Azoka eta lehiaketa goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean burutuko da. Izenematea egunean bertan egin beharko da 10:30ak baino lehen.

Lehiaketan parte hartzeko ondorengo baldintzak bete behar dituzte produktuekiko. Lau dozena porru, bost kilo tipula, oregano eta perrexila sortetan. Aipaturiko produktuez gain bakoitzak postua bere erara atondu dezake.

Produktu onenak aurkezten dituztenen artean ondorengo sariak banatuko dira. Tipula eta porru onenengatik, 60 euroko saria eta diploma jasoko dituzte. Posturik onena eta herritarren posturik onenengatik, 60 euroko saria eta diploma jasoko dituzte. Perrexil eta oregano onena aurkezten duenak, 30 euroko saria eta diploma jasoko ditu.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate