Diario Vasco
Baztarrikako Amelia Jauregi eta Inixio Elgarresta Donostian.
Baztarrikako Amelia Jauregi eta Inixio Elgarresta Donostian.

Baztarrikako gazta, munduko onenetakoa

  • Donostian izan den txapelketan 'super urrea' irabazi dute

Egun hauetan bolo-bolo dabilen albistea da, gabiriar guztiok harrotasunez aipatzen duguna, Baztarrika baserriko gaztak aurten Donostian ospatu den World Cheese Awards-en 'super urrea' irabazi duela.

Baztarrika baserrian egiten den gazta munduko onenetakoa dela bagenekien, ez dugu horretan zalantzarik izan, zerbait oso ona dela jakiteko ez bait dago dena probatu beharrik, baina nazioarteko aitorpena jasotzea sekula ez dago soberan.

Aurreko egunetan Donostian ospatu den ekitaldian mundu guztiko 3.000 gazta ekoizletik gorak parte hartu zuten. Horiek eramandako produktuak 66 mahaietan ordenaturik zeuden, bakoitzean 45 gazta ingururekin. Epaimahaikoek, gazten itxura, testura eta zaporea baloratuta puntuazio handiena ateratakoei ematen zieten 'super urrea', eta horietako bat Baztarrikakoek irabazi dute.

Gainera ez dira goreneko sari horrekin soilik itzuli, kategoria ezberdinetan beste zenbait domina lortu dituztelako, zehazki: urre bat, bi zilar eta brontzezko beste bat. Beraien sarien armairuan lekua egin beharrean daude guztiak sartzeko.

Bistakoa da beraiek zoriontsu daudela lortutakoarekin, aurretik ere ekitaldi honetan zeinbait sari irabaziak ziren, baina lehen aldia da urre berezi hori lortzen dutela. Hala ere, beraientzat saria bera baino garrantzitsuagoa da honek emango dien ospea eta publizitatea. Sari honekin mundura zabaltzen bait da Baztarrikako gaztaren, Idiazabal izendapeneko gaztaren, ardi gaztaren eta hemengo artzainen izen ona. Zabalkunde horren froga da, bisita egin diedanean BBCkoen zain zeudela, hauek erreportaje bat egin behar zietelako.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate