Diario Vasco

Rwanda taldeak 6.500 euroko laguntza jasoko du Udaletik

Udaleko eta erakunde onuradunetako ordezkariak udaletxean.
Udaleko eta erakunde onuradunetako ordezkariak udaletxean. / DV
  • Hamar proiektu ezberdinen artean banatuko dira aurtengo Iparra-Hegoa lankidetza programari dagozkion diru-laguntzak

Lazkaoko Udalaleko gizarte zerbitzuetako sailak banatu ditu 2016 urteko Iparra-Hegoa lankidetza programari dagozkion ditu laguntzak eta herriko Rwanda taldeak sustatzen duen proiektua izan da dirulaguntza hau jasotzeko aukeratuetako bat. 'Donostiako Elizbarrutiko Misio Ordezkaritza: Masakako eskolan liburutegia eraikitzeko egitasmoa' izeneko proiektua da, Gihara herri ruandarrean kokatua.

Diru-laguntza jasoko duten beste bederatzi proiektuak honako hauek dira: 'DOA, Denok Osasunaren alde: Beni departamentuko (Bolivia) osasun sistemaren sendotze plana, asistentzia eta formakuntza mailan', 10.000 euro; 'Ilargi beltza Elkartea: Nagaroteko (Nikaragua) desnutrizio kronikoa errotik ateratzea', 3.000 euro; 'Donostiako Elizbarrutia: N'Daliko Aita Pio ospitaleko (Benin) sendagileen prestaketa', 17.800 euro; 'Mundu Solidarioa Helburu: Diriamban (Nikaragua) gaitasun urriak dituzten gazteen integrazioa', 1.400 euro: 'Baltistan Fundazioa: Hushéko (Pakistan) emakumeen heziketa hobetzea', 1.800 euro: 'Lankidetzarako Ingeniaritza: N'Dalin (Benin) lehen mailako irakaskuntzarako eskola eraikitzea', 3.500 euro; 'Bakerako Lankidetza Batzarra: Chimaltenagoko (Guatemala) zazpi emakume indigenen eta beraien familien baldintzak hobetzea', 5.000 euro; 'Derandein: Turkanako (Kenia) gazteen formakuntza eta lanerako gaitasunen trebakuntza sustatzea', 1.500 euro; 'Bikarte: Minskeko (Bielorrusia) ospitale onkologikoan haurrentzat aldi baterako etxebizitzak ezartzea', 1.500 euro.

Atzo udaletxean egindako ekitaldian, euren proiektuen inguruan aritu ziren gobernuz kanpoko erakunde onuradunak eta Udala eta hauen arteko hitzarmena ere sinatu zuten.

Gazte kooperanteak

Aurten gainera, lehenengoz, herriko gazte koperanteei euren proiektuekin laguntzeko beka deialdi bat ere egin du Udalak. Gazteei nazioarteko kooperazio bidaietako gastuekin lagun-tzeko modu bat da beka hau eta deialdia urte bukaeta arte egongo da zabalik, beti ere 2016an egindako lankidetza programetarako.

Oraingoz Jésica Canterok bakarrik jaso du laguntza Udalaren eskutik, Kenian burututako lankidetza proiektuagatik, eta atzo udaletxean izan zen baita ere bere esperientziaren berri emateko. Herrialde afrikarrean aitarik gabeko haurrekin lanean aritu zen lazkaotarra, hauen amak lanean ziren bitartean eskolan eta jangelan irakasleei laguntzen. Irailean egin zuen bidaia, uztailean jaso zuen zegokion laguntzaren erdia eta orain, bidaiaren gastuak justifikatu ondoren, beste erdia. Guztira 1.059 euro jaso ditu Canterok eta 'ordainetan' San Benito ikastolako gazteei bidaiaren azalpenak emango dizkie eta abenduan Rwanda Taldeak antolatzen duen Elkartasun Astean parte hartuko du.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate