Diario Vasco

Intxurreko kadete neskek bolada onean jarraitzen dute

Intxurreko kadeteen lehen mailako nesken taldeak emaitza onak pilatzen jarraitzen du eta sailkapeneko goiko postuei sendo eusten die: Zarautzen aurka 2 eta 0 irabazi zuten larunbatean etxean eta hirugarren postuan daude hamahiru punturekin. Beraien aurretik puntu bat gehiagorekin dagoen Urnietaren zelaian jokatuko dute datorren jardunaldiko neurketa. Maila bereko mutilek, ostera, galdu egin zuten Lazkaon. 3 eta 0 amore eman behar izan zuten goierritarren aurka eta sailkapeneko bosgarrenak dira bederatzi punturekin. Zazpigarren dagoen Aizkorriren bisita izango dute asteburuan.

Jubenilek bana berdindu zuten Seguran. Emaitza horrekin hamabigarren puntua poltsikoratu dute eta sailkapeneko bosgarren postuan daude. Lazkao liderraren aurka jokatuko dute etxean hurrengo neurketa: hezur gogorra izango dute aurrean baina garaipena lortzen saiatuko dira etxekoak.

Gorengoen mailan diharduen Intxurreko taldeari dagokionez, lehen garaipenaren bila jarraitu beharko dute oraindik, Ikasberriren aurka 1 eta 2 galdu baitzuten eta azken postuan jarraitzen baitute lau punturekin. Tolosan jokatuko dute datorren asteburuko partida. Azkenik, Aralar Intxurreko infantil mutilek ere galdu egin zuten 1 eta 2 Tolosaren aurka. Punturik batu gabe jarraitzen dute seigarren postuan eta Danenaren zelaian jokatuko dute asteburuan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate