Diario Vasco

'Go!azen' telesailaren aurre estreinaldia etzi Gabirian

  • Eguraldi ona bada herriko plaza izango da emankizuna egingo duten lekua eta bestela, eliza atariko aterpean

Larunbat arratsalde honetan, hilak 12, Gabirian alfonbra gorria jarri beharko dute, 'Go!azen' telesail musikalaren aurre estreinaldia izango baita arratsaldeko 17:00etan hasita.

2008an izan genuen lehen aldiz 'Go!azen'en berri, urte horretan zabaldu zirelako Basakabi udalekuko ateak neska-mutil talde baten bizi-tza aldatzeko. Film honek izan zuen arrakasta zela eta 2010ean 12 ataleko telesaila egin zen; eta aurten, 2016an, Pausoka Ekoiztetxeak eta EITBk telesaila berreskuratu dute. Pertsonaia eta gertaera berriak izango dituen arren, denak liluratu gintuen oinarri bera izango du: umorea, maitasuna eta musika neska-mutil talde batek berebiziko uda igaro dezan.

Hala ere, bertako kideen aurpegi eta ahotsak jadanik gure artean ezagunak dira, uda hasieratik ikusi eta entzun ahal izan ditugulako Euskararen Txantxangorria ekimeneko bideoklipean. Gainera telesail honen emisioa azaroak 18an hasiko den arren ETB1en, irailaren 9an Gasteizko FesTValean emititu zen lehen aldiz lehen atala, eta ordutik herri ezberdinetan izan dira aurre estreinaldiak, Donostia, Bilbo eta Zarautzen besteak beste. Oraingoan Gabirian tokatzen da.

Ekitaldi hau Gabirian burutzeko aukera Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara sailaren bidez iritsi da. Eskola Txikietako koordinatzaileari egindako gonbitearen ondorioz, lurralde oreka eta berdintasuna zaindu nahian, herri txikietan horrelako ekintzek beraien aukera izan dezaten.

Esan bezala, ekitaldia arratsaldeko 5etan hasiko da. Lehenik bertan parte hartzen duten aktoreei ongietorria egingo zaie. Eguraldi ona bada herriko plaza izango da emankizuna egingo duten lekua eta bestela, eliza atariko aterpea aprobetxatu beharko da horretarako. Ostean, 6ak aldera, Kultur etxean lehen atalaren emanaldia izango da. Aurretik ez denez sarrerarik banatuko eta leku mugatua dagoenez ume eta gaztetxoek izango dute hau ikustera sartzeko lehentasuna. Bestalde, aktoreei autografoak eskatu eta argazkiak ateratzeko aukera izango denez ez ahaztu prestatuta gerturatzea aparteko saio honetara.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate