Diario Vasco

Goierri BirZirik herri plataformaren eta Lurperen inguruko udalen agerraldi bateratua egin zen

Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegiko udal ordezkariak Ordiziako plaza nagusian egindako agerraldian.
Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegiko udal ordezkariak Ordiziako plaza nagusian egindako agerraldian. / DV
  • Ormaiztegin manifestazioa egiteko asmoa dute hilaren 26an

Goierri BirZirik herri plataformak eta Lurpe zabortegiaren inguruko hiru udalerrik (Mutiloa, Gabiria eta Ormaiztegi) elkarrekin prentsaurrekoa eskaini zuten astelehenean Ordiziako plaza nagusian. Agerraldira Goierriko bizilagun ugari elkartu dira.

Herri ekimenetik eta udaletatik elkarrekin batuta adierazi dutenez, «gure aurkakotasuna Mutiloako Lurpe zabortegira Gipuzkoa osoko hiri hondakin nahasiak ekartzeko GHK-ren erabakiari. Honez gain, Aldundiari lan-mahai bat eratzeko ere eskatu diogu hondakinen kudeaketa arazoa modu arduratsu eta partekatu batean konpontzeko. Azkenik, Mutiloako Lurpe zabortegia kudeatzen duen Ferrovial enpresari kontratua ez dezala sinatu eskatu diogu».

«Plataformatik aurkeztu dugun eta jada hiru udal hauek onartu duten mozioak jasotzen dituen eskaerez gain, honek jasotzen dituen konpromisoak ere azaldu ditugu. Arazoaren gakoa gaikako bilketan dagoela adierazi dugu. Izan ere, hiru udalerri hauetan, pertsonako eta hilabeteko 5,8 kilo hondakin ez-birziklagarri jasotzen dira. Hau Gipuzkoa guztian horrela izango balitz, urtero sortzen den errefusa kopurua 165.000 tonatik 50.000 tonara murriztuko litzateke. Beraz, hartutako konpromisoaren oinarrian etxeetako hondakinak behar bezala sailkatzearen derrigortasuna egongo litzateke eta baita aipatutako emaitzen tasak etengabe hobetzen jarraitzeko ahalegina ere» zioten.

Agerraldiaren amaieran herri plataformatik Mutiloa, Gabiri eta Ormaiztegi udalek onartutako mozioa eskualdeko gainontzeko udaletara zabaltzeko asmoa adierazi zuten. «Herrietan proiektuaren aurkako sinadurak biltzen jarraitzeko eta hitzaldiak emateko asmoa ere adierazi dugu. Eta azaroaren 26an Ormaiztegin burutu asmo dugun manifestazioaren berria aurreratu dugu».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate